Osamak "huts", Obamak "bat"?

Iritziak

AEBetako eliteko soldaduek armatu gabe zihoan gizona hil dute hotz-hotzean, honen Pakistango etxean inolako baimenik gabe sartu eta gero… eta munduko pertsona zibilizatu, bakezale eta demokratiko gehienek ospatu egin dute hilketa!!! Nola liteke –Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen Barack Obamarengandik hasita–  Euskal Herrian bizitza-eskubidea edozeren gainetik dagoela lau haizetara zabaltzen duten politikari eta jende askoren artean…  albisteak horrelako poza eragin izana? Akaso, gizon hori “ezin gaiztoagoa”, “Gaizkiaren Ardatzaren Arima”, “Luzifer, Satanas eta enparauen ondorengoa”… zelako?

Tira, ez zen, beharbada, “Jesusito” izango, baina bera eta bere gizonak –muturreko beste islamiar batzuk bezalaxe– 80ko hamarkadan Sobiet Batasun ohiko soldaduak gupidarik gabe “akabatzen” iaioak zirenean… heroitzat zituzten! Ondo irakurri duzue, bai, heroiak! Eta zergatik? Errusiar gizagaixo haiek “buztana” zutelako? Garai hartako “gorriei” munduko “gaiztorik ankerrenak” izatea egokitu zitzaielako? Horrelakoren bat izango zen, haiexek baitziren “Mendebalde”aren (egun “Nazioarteko Komunitatea” deritzanaren) begien aurrean orduko “ardi beltzak”!

Eta nork trebatu zituen eta eman zien “suntsipen handiko arma” ugari bizar luzeko Alaren defendatzaile sutsuei? Bada, AEBetako zerbitzu sekretuek (CIAk, alegia)… eta planeta osoan hainbat “ZERO GUNE” sortu dituen Estatu Batuetako Armadak!

Bai, lagunok, “zona cero” delakoa entzutean New York-eko Dorre Bikiek utzitako hutsunea datorkigu denoi burura, baina izan badira askorentzat “ezezagunak” diren beste asko. Horietako bat da Irakeko Falujah hiria, AEBetako okupazio-indarrei “konkistatzen” eskuak bete lan eman ziena, Sadam Hussein-en jarraitzaileek gotorleku bihurtutakoa. Lurretik indarrez hartu ezin zutenez, “Oh, my God”en zerutik “bakegintza lanetan hain ezagunak” diren Black Hawk eta F-16 bezalako hegazkin eta helikopteroez baliatuz,  hainbat “jostailu” jaurtiki… eta hiria txiki-txiki eginda uztea erabaki zuen duela bost bat urte “Munduko Demokraziarik Handiena” zuzentzen duen Estatu Batuetako Gobernuak. Horrela, 1945eko II Mundu Gerran Japoniako Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoek eztanda egitean gertatu zen bezala, “askatasunaren aldeko soldadu gutxiagok” galdu zuten bizia, marine gutxiago hil ziren. Bost axola “indar askatzaileei” hiriak jasandako bonbardaketa basati hartan hildako milaka zibilak (horien artean, New York-en EZ bezala, “izen-abizenik gabeko” haur, emakume eta agure ugari). Noski, agindu emaileak Gaddafi abizena ez zeramaten “ero edo zoro zintzoak” zirenez…

Sarraski hartan hildako zibilak 1.000, 5.000 edo 10.000 izan (hori ere ez baitugu, New York-en EZ bezala, inoiz zehatz jakingo), ez zaizkit santa sekula ahaztuko Irakeko hiriburua den Bagdad-eko Palestina Hoteleko gela batean AEBetako tanke batek bidalitako “askatasun-opariak” hildako Tele5ko kamara zen Jose Cousoren anaiaren hitzak, ARMATU GABE zihoan galiziarraren anaiak hilabete batzuk geroago hirira sartzea lortu zuenean begiztatutakoa: “Al visitar la ciudad `rebelde´ de Falujah vi una ciudad hecha añicos, parecía la ciudad alemana de Dresde de 1945 arrasada por las bombas… o el mismísimo Gernika del 27 de abril de 1937, un auténtico infierno”.  Bai, orduan ere ARMATU GABEKO zibil ugari hil zuten… “indar askatzaileek, bakezaleek, munduko demokraziaren defendatzaileek”, Gazan, Panaman, Grenadan, Vietnam-en, Afganistanen eta beste hamaika lekutan egin izan duten bezala! Hori guztia, gainera, Nurenberg-en edo Hagako Epaitegian inork konturik eskatuko ez dielako ziurtasun osoarekin…

Eta, bukatu baino lehen, hausnarketarako azken ohartxo bat egin nahi nuke: Zer dela eta ez zion AEBetako Gobernuak Pakistangoari ohartarazi ondo trebatutako marineak sartuko zirela Asiako herrialde gatazkatsu horretan? Pakistango agintariek soldadu berezi horiei “paperak” eskatuko zizkieten beldur zirelako, akaso?

Zer nahi duzue esatea, bada! Ez dakit Europako herrialde kolonizatzaileak paperak eskuan sartuko ziren Afrika izeneko kontinentean orain dela mende batzuk. Hori bai, izenburuko galderari erreparatuz, oso garbi dut egokiagoa litzatekeela ondorengo hau:

BENETAKO JUSTIZIAK “HUTS”, HIPOKRESIAK “HAMAR (MILA)”!!!