Floren Aoiz oroitzapen historikoaz eta Jesus Perez de Viñaspre Ordiziako historiaz

Ordizian bertan

Pasa den ostiralean, maiatzak 6, Floren Aoiz izan genuen, Jentilbaratza 1512-2010 taldeak, Erdi Aroko azoka zela eta, antolatu zituen ekimen alternatiboen barruan hitzaldia ematen. Izenburua, 1512-2012, oroitzapen historikoa eta Euskal Herriaren etorkizuna benetan egokia zela esan genezake, gaur egungo egoera politikoa ezagutzeko gako asko ematen baitizkigu azken mendeotako historiak.

Noski, herri batek autodeterminaziorako duen eskubidea ez du historiak zilegiztatzen, azken finean, eskubide demokratiko bat baita. Beraz, ez dezagun pentsa historia modu batera izan zelako, hau da, duela 500 urte estatu independente batean geundelako, nahita nahiez independente izan behar dugunik, independente izatea herriak berak erabaki behar baitu.

Hori argi izanda, ikus dezagun zer gertatu den gure historiarekin, argi baitago historia irabazleek idatzi izan dutela eta horrek, noski, gezur andana dakarrela berarekin. Hori dela eta, Floren Aoizek, hitzaldiaren lehen zatian, saldu nahi izan dizkiguten gezur potoloenak eraitsi eta 1512. urtea ez ezik 1200. urtea ere aipatu zuen, Araba eta Gipuzkoa ez baitziren Gaztelaren menpera, besterik gabe eta zoriontasunez, pasa. Hitzaldi zinez interesgarria.

 

 

Eta hona hemen, Jesus Perez de Viñaspre Txurrukak, Nabarralde talde ezagunaren aldizkarian, argitaratutako idatzia (Ordiziako historiaz hitz bi) aipatu garai hartako Ordiziaren inguruan:

Ordiziako historiaz hitz bi

Gu herri minorizatua gera, tamalez garaitua, eta ondorioz mundu osoan gertatzen den bezala, gure historia garaileak izkiriaturk du. Eskergarria eta ordaingaitza da Nabarraldek gure benetako historia jakinarazteko ezezik, Euskal Herriko azken txokoraino zabaltzeko ere ahalegintzen duen lana. Honen bidez, gero eta jende gehiago ari gera konturatzen gure historia zein izan den, zein enborretik gatozen, nora goazen, zeinek izan diren eta gauregun diren gure etsaiak, zein azpijokoz eta jukutriaz baliatu diren guri zimardikaturik eta desbideraturik edukitzeko, eta abar eta abar luzez.

Nabarraldeko azken bideoa (Gipuzkoaren jatorria) eredu eta gida Ordiziako historiaz zerbait esateko. 1.200.urtean Gaztelako erregeak, Nafarroako erreinuan sartu, Gasteizi setioa jarri eta Baskongadetako gainontzeko lurraldeak inbaditu eta gero, bortxaz bereganatu eta konkistatu zituen. Gero Gaztelak egizko muga bat sorrarazi zuen Nafarroarekin (frontera de malhechores deiturikoa), Gipuzkoako herri batzuk (Segura, Villafranca, Tolosa) gotorleku gisa hiriborobilduz, ez defentsarako bainan bai nafartarrei erasotzeko. Azken finean, Gaztelaren helburua Nafarroa ahultzea zen, eta ahitua eta higatua zenean 1512, urtean gipuzkoarrez, arabarrez eta bizkaitarrez baliatuz gaztelarrek Nafarroa inbaditu eta errotik deuseztu eta suntsitu zuten gure benetako erreinua. Honatx laburzki gure historia tristea. Eta orain hasiko naiz garai hartako Ordiziaz zertxobait hitzegiten. Historialeriek baieztatzen dute, dokumento batek dioenez, Ordizia 1268.urtean Gaztelako errege Alfonso X Jakitunak sortu zuela, eta horrez gain, herria borobildu, Villafranca izena jarri eta foruak eman zizkiolarik. Honaino dokumentuak dioena.

Bainan 1200-1268.urtean baino lehenago, gaztelar inbaditzaikeak etorri baino lehenago, zer zen Ordizia? Ez zen existitzen? Ordukotz ordiziarrak ez ziren jaioak?. Jakina, noski baietz, bazen Ordizia eta aspaldi jaioak ziren ordiziarrak, bainan naparrak ziren errotik. Eta hau historialari ofizialek ez dute esaten, aipamenik ez, eta izkutatu egiten dute. Bestalde, bortxaz konkistatuak izan ziren, edo bereganatuak hitzarmen baten bidez? Honetaz Idoia Arrieta historialariaren artikuluaren (Historialariek ezkutatu digutena : Donostiaren konkista dokumentua) zati argigarriak: "1332. urtean datatuta dagoen eta traslado del fuero de S. Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria, izenburua duen dokumentuak honela dio: Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquistó.  Eta hau bezelako beste dokumentuan –ojo, conquista de San Sebastián. Eta Idoiak ondorioztatzen du: honekin guztiarekin mendeetan zehar, Donostiaren eransketa Gaztelako erresumara armen bidezkoa izan zela ezkutatu nahi izan da. Era berean, Gipuzkoaren konkistaren argibide bihurtu da. Baina idatzi honen esanahi zehatzatik haratago beste gogoeta bat ahalbideratu beharko genuke. Honaino Idoia.

Halaber, Aitzorrotzen eta beste gazteluetan eginiko indusketen emaitzak (biolentzia erabiltzearen aztarnak) adierazgarriak dira.

Ondorioz, bortxaz inbadituak eta konkistatuak izan zirela argi gelditzen baita.

Duela gutxi Ordiziako udaletxean gai honi buruzko hitzaldi bat izan genuen. Nabarraldeko Beni Agirre hizlari prestua etorri zen, bikain bere ekitaldian. hizketa arinekoa eta azalpenetan argigarria. Udaletxeko areto nagusian geundelarik, jarleku berezian koadro haundi bat dokumento batekin paretan eskegita ikusi genuen; han zegoen  1268. urteko Gaztelako erregearen dokumentu ditxosoa. Baina zertan gauden! Gaztelak 1200. urtean Ordizia konkistatu baino lehenago, Ordizia existitzen zen, ordiziarrak ere bai eta naparrak ginen. Gero gaztelarrek desnafartartu eta gaztelatartu ginduzten, herriaren izena kenduaz Villafrancaren ordez. Eta hori gutxi balitz, zeharo bestelakatuak, gaztelar bezalakatuak bihurtu ginenean, 1512. urtean gure inbaditzaileekin batera joan Nafarroako erresuma errotik suntsitzera. Bapo! Orain, 2011.urtean, historiak ematen digun perspektibaz, dokumentu hori areto nagusian  edukitzea denen begibistan, neretzak gutxinez lotsagarria da, beste gauza ez esateagatik.

Oroimen historiko honek, hain murritz eta motz izanik, ez gaitu inora eramango eta bai jarriko etsaiaren atzaparretan nahi duena gurekin egiteko. Ezin sinetsi hanbaterainoko desnazionalizazioan gauzkaten! Atzar gaiten ordiziarrok, gure nafartasuna ozenki aldarrikatzea beharrezkoa da, berriz ziria sarraraz ez diezaguten.