Oiangu parke publikoaren etorkizunaz, maiatzaren 18an, Gaztetxean

EH ezkerretik eraikiz

Oiangu parkeko aisi proiektuak porrot egin eta gelditu ondoren, eta aurrean ditugun udal hauteskundeak direla eta, Oiangu Parkea Bizirik elkarteak, Oiangu parke publikoaren aro berri baterako, iraunkortasunean oinarritutako eta adostutako abiapuntu apropos bat existitzen dela adierazten du. Hori azaltzeko, Oiangu Parkea Bizirik elkarteak hitzaldia emango du datorren asteazkenean, maiatzaren 18an, 18:00etatik aurrera Ordiziako Gaztetxean.

Abiapuntu hori, hain zuzen ere, tokiko Agenda 21eko herritar foroan eztabaidatu eta 2010eko ekainean Udalbatzan gehiengo osoz onartutako Agenda 21eko Ekintza Plana da.

Aipatutako ekintza egitasmoan ondorengoak onartu ziren: Oiangu parkean babestu beharreko elementuak katalogatu eta berreskuratze nahiz mantentze neurriak definitzea, saneamendu-sarea osatzea (baita Oiangun ere) eta parte-hartze tailerrak antolatzea (erabilera publikoko berdeguneen diseinua, borondatezko kontserbazio eta mantentze lanak…).

Aldi berean, Oiangu Parkea Bizirik elkarteak aurretiko eta beharrezko baldintza, zutabe nahiz sare berriak kentzea dela azaldu nahi du. Horrez gain, Oianguko paisaiaren artifizialtasuna areagotu eta espazio publikoa mugatzen duen zementuzko oholtza eraistea eskatzen du. Gainera, komenigarria litzateke Oianguren baserriaren hondatze egoeraren balioespen bat egitea eta datuak argitaratzea hondatzea onartu zuen esleipen enpresari erantzukizunak eskatuz.

Neurri guzti horiek martxan jarri ostean, herritar orori parte hartzeko aukera luzatuz, Oiangu eta Oiangu Txikirako ideia-lehiaketa bat antolatzea proposatzen dugu. Halaber, ordiziarron artean hainbeste desadostasun sortu duen Oianguko Plan Espeziala bertan behera uztea eskatzen du. Herri-kontuen Euskal Epaitegiak, bere txostenean jaso bezala, Ordiziako Udaletxean ere irregulartasunak aurkitu ditu eta horien artean dago duela 5 urte Udaletxeak IKENA enpresari emandako Oianguko emakida edo kontzesioan. Auzitegi arruntak emakidaren inguruan gure elkartearen aurkako epaia eman badu ere, Herri-kontuen Euskal Epaitegiak erabilitako argumentuak gure tesien aldekoak eta Arartekoak zein gure abokatuak defendatu zituztenen antzekoak dira. Horregatik, are eta zalantzazkoagoak dira gure kontrako epai judizialak.

Bitartean, Udaletxeak, alkatearen agindupean argitara emandako informazioan ez du Oianguko kasua aipatu ere egiten, berriro ere arazoa ezkutatuz eta ahaztera bultzatuz. Hala ere, Oiangu Parkea Bizirik elkarteak ez du hori onartuko.