Kontzentrazioa igande gauean emakume batek pairatu zuen erasoa salatzeko

Ordizian bertan

Pasa den igandean, maiatzak 22, gaueko 23:00ak aldera, bi gizon emakume bat bortxatzen saiatu eta bortizki erasotu zuten. Bizilagun batek oihuak entzun eta segituan jaitsi zen etxetik emakumea laguntzera, nahiz eta erasotzaileak ikusteko astirik izan ez zuen.

 

Jazoera onartezin horren aurrean, Ordiziako Kimetz Emakume Taldeak, kontzentrazioa deitu du asteazkenean, maiatzak 25, 20:00etan, Plazan.

 

Kimetz Emakume Taldearen komunikatua

Kimetz Emakume Taldean, emakumeen aurkako indarkeria, bere adierazpen guztietan (tratu txarrak, eraso sexualak, bortxaketak, heriotzak, etab.), zoritxarrez, eguneroko elementu lazgarri bihurtzen ari dela ikusten ari gara.

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa onartezina da eta, ziur aski, emakumeok bizitzaren hainbat esparrutan pairatzen dugun diskriminazioaren adierazpen larriena.

Gure ustez, emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioa egiturazkoa ez ezik, dimentsio anitzekoa ere bada, eta horrekin guztiarekin amaitzeko ezinbestekoa da erakunde publikoek zein gizarteak, bere osotasunean, gaiarekiko konpromiso garbia hartzea. Hala, gure herriko emakume batek pairatu duen BORTXAKETA gaitzesteko eta emakumeari gure elkartasuna adierazteko, ordiziarrok eman beharreko erantzunak inplikazio horren isla izan behar du.

Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!

 

Ordiziako Bilduk kontzentrazioan parte-hartzeko deia

Ordiziako Bildu koalizioak, gogor salatu du igandeko erasoa eta ordiziar guztiei dei egiten die asteazkeneko kontzentrazioan parte hartu eta horrelako portaeren aurrean, gizarte gisa, behar bezalako erantzuna ematera, herritar gisa gure ardura ere bai baita gizarte mailan onartezinak diren jokabideak salatzea.

Bestalde, Ordiziako Bildu koalizioak argi du erakundeetatik ere erantzun irmoa eman behar zaiela horreko erasoei eta horrexegatik, honako kasu jakin hau aztertzen ari da, aurrerantzean Udal gisa eman beharreko pausoetan ere irmotasun hori adieraz dadin, besteak beste, balizko epaiketan herri-akusazio gisa aurkeztea aztertuz. Azkenik, Ordiziako Bildu koalizioak babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dio eraso sexista jasan duen ordiziarrari.