"Bortxaketa gehiagorik ez!" lemak plaza bete zuen

Ordizian bertan

Atzo, maiatzak 25, Ordiziako plaza bete egin zen Kimetz emakume-taldeak, igandean izandako bortxaketaren aurka, deitutako kontzentrazioan. Gutxitan dugu horrelako irudia ikusteko aukera, baina atzokoan, Ordiziako herriak argi utzi zuen horrelako jazarpen-jarrerarik ez duela inola ere onartzen.

Pasa den igandean, maiatzak 22, gaueko 23:00ak aldera, bi gizon emakume bat bortxatzen saiatu eta bortizki erasotu zuten. Bizilagun batek oihuak entzun eta segituan jaitsi zen etxetik emakumea laguntzera, nahiz eta erasotzaileak ikusteko astirik izan ez zuen.

Jazoera onartezin horren aurrean, Ordiziako Kimetz Emakume Taldeak, kontzentrazioa deitu zuen.

10 minutu isiltasunean pasa ostean, Kimetz taldeko kideek testu hau irakurri zuten:

Kimetz Emakume Taldearen komunikatua

Kimetz Emakume Taldean, emakumeen aurkako indarkeria, bere adierazpen guztietan (tratu txarrak, eraso sexualak, bortxaketak, heriotzak, etab.), zoritxarrez, eguneroko elementu lazgarri bihurtzen ari dela ikusten ari gara.

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa onartezina da eta, ziur aski, emakumeok bizitzaren hainbat esparrutan pairatzen dugun diskriminazioaren adierazpen larriena.

Gure ustez, emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioa egiturazkoa ez ezik, dimentsio anitzekoa ere bada, eta horrekin guztiarekin amaitzeko ezinbestekoa da erakunde publikoek zein gizarteak, bere osotasunean, gaiarekiko konpromiso garbia hartzea. Hala, gure herriko emakume batek pairatu duen BORTXAKETA gaitzesteko eta emakumeari gure elkartasuna adierazteko, ordiziarrok eman beharreko erantzunak inplikazio horren isla izan behar du.

Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!

Hemen argazki galeria: