¿A la diestra?... ¡Siniestra!

Iritziak

Gaur ezker eskuarekin idazteari ekingo dio. Ez, ez da erotu,bere  etxeko leihotik ez da burua nahastuko dion hego-haizerik sartu. Gaur ez du gehiegi edan bere atsekabea ahazteko, ezta buruan kolperik hartu ere.

Erabakia hartuta dago.

Gaur esperantza printza batek argi egin dio, gaur egun berezia da, bere historia propioa idazten jarraituko duen eguna.

Urteetan zehar eskuinarekin idaztera behartu dute, ezkerra bizkar atzean  loturik izan duelarik. Besteen historia idaztera behartu dute, protagonista bera zela sinestarazi nahian.

Etengabe zapaldu dute, isilarazi dute,zokoratu dute, zigortu dute, berak ezkerreko eskuarekin idatzi nahi izan duelako.

Robert Hertz soziologo frantziarra ezker eta eskuin eskuaren erabileraren ezberdintasunaren arrazoiak aurkitzen saiatu zen “La muerte y la mano derecha” deritzan artikulu batean. Horren arabera mundua historiaurretik dikotomia konstante batean banaturik legoke  eta eskuen polarizazioa ere dikotomia unibertsal horren barne sartuko litzateke. Eskuinak botere sakratua, legezkoa eta ongilea irudikatuko luke. Ezkerrak berriz, profanoa, gaizkilearena.

Dikotomia horren ondorioz, eskuin eskuaren gailentasuna nabarmena da, ezkerrarena debekaturik dagoen bitartean. Hizkuntzalaritzan terminoen erabileran ere nagusi da eskuinaren estatusa. Eskuina izendatzeko hizkuntza gehienetan hitz sendoa eta adiera gogorrekoa erabiltzen da, ezkerrarena berriz ahulagoa delarik;

Eskuina=droit=eskubidea, zuzena dena
Ezkerra=gauche=ezkerra, baldarra.

Gaztelaniak ere euskarari hartu zion “ezkerra” (izquierda) hitza mailegu, gaztelaniazko berezko hitzak (siniestra) konnotazio txarra baitu.

Bera, ordea, ez dago ados eskuina gailentzen den dikotomia unibertsal horren barne. Historia irabazleek idazten dutela badakielako. Eta berak ez du historia horren partaide izan nahi. Berak bere historia idatzi nahi du, bere historia, ezkerretik.

Gaur ezker eskuarekin idazteari ekingo dio. Badaki ez dela erraza izango, badaki  maiz ez dutela  bere hitzik ulertuko, badaki  maiz hanka sartuko duela.

Baina jarraituko du bere historia idazten, ilusio handiz, idazten uzten dioten bitartean berea izango baita.

Berea, eta beste 315.977rena.