Gasteizko Aiztogileko etxe okupatuaren desalojoaren kontrako adierazpena

EH ezkerretik eraikiz

Aste hontan Gasteizko Aiztogile kaleko etxe okupatuaren berehalako desalojoaren berri izan dugu. Bost urte pasa dira, hainbat gazteren artean hutsik zegoen eraikin horretan, elkarbizitzeko, proiektuak martxan jartzeko, bertan bizitzea erabaki genuenetik. Bost urte, etxebizitza eskubidea geure egin genuenetik eta Alde Zaharrean turistifikazioa eta espekulazioa salatzeko, okupazioa tresnatzat hartu genuenetik. Hori dela eta, ostegunero, Aiztogile kaleko 103.ean, kazelorakada herrikoia egingo dugu 20:00etan.

Eraikin honen jabea Santa Maria Katedralaren Fundazioa da, diru publikoa eta kudeaketa pribatua duen fundazioa hain zuzen: Aldundiak, udaletxeak eta apezpikuak osatua, Vital Kutxaren laguntzaz.

Baina egin dezagun atzera begiradatxoa...

· 1998an, Aiztogile kaleko azken eraikin hauetako bizilagun guztiei, udaleko alkatetza dekretu baten bitartez haien etxebizitzak erabileraz aldatu direla jakinarazten diete.

· 1999an, auzokide horiek banan banan deitzen dituzte, haien etxeak utzi behar dituztela jakinaraziz eta horren truke, tratu desberdinak eskeiniz (bertan zer egin behar duten azaldu gabe).

· 2000an, ia eraikin guztiak hutsik geratzen dira. Auzokide gutxi batzuk ordea, uko egiten diote haien etxeak uzteari eta desjabetzarekin mehatxatzen dituzte (proiekturik ez inon ageri...)

· 2006an, (sei urtez erabili gabe egon ostean) Kutxi 103 etxea okupatzen dugu hainbat gaztek. Soilik Elena eta Tomasa geratzen dira Aiztogile kaleko 101 zenbakian bizitzen, Fundazioaren tratuei uko eginez.

· 2010ean bizilagunei agindu bat aitzakia hartuta kalera joan behar dugula jakinarazten digute. Urte hortan bertan, Jose Ignacio Lasagabaster, Fundazioaren buruarekin biltzen gara. Bilera hortan, ez du inolako proiektu zehatzik azaltzen baina bai gure etxea husteko beharra.

· 2011an, epaiketa egiten dute gu bertaratu gabe. Urte bereko martxoan, Aldabeko Lurralde Kontseiluan, Lasagabasterrek eraikin horietarako dirurik eta proiekturik ez dagoela aitortzen du.

Hamaika urte pasa dira bertan bizi zen jendea bere etxeak uztera behartu zituzteneik.

La Flor de La Rioja, auzoko bolera, Santa Maria plaza, Aiztogile kaleko eraikin guzti hau... espazio guzti hauen galerak auzoaren identitatearen galera dakarte, bere betiko bizimodua, herritartasun eta izaera galtzea. Instituzio desberdinek, hirigintza planen bitartez (PERIa), auzoaren eraberritzea burutu nahi dute. Gutxi batzuentzako negozioa bihurtu den eraberritzea hain zuzen, bertan bizi den jendearen beharrak kontuan hartu gabe. Eskolarekiko utzikeria, komertzio txikiaren desagerpena, desjabetzak... darabilten politikaren erakusgarri dira.

Gure espazioak defendatuz, gure bizitzak haien negozioaren parte ez izatea lortzen dugulako, Kutxi 103ko etxearen defentsan auzokideen konplizitatea beharrezko zaigu. Hortarako burutuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dizuegu eta desalojoaren aurrean adi egotera.

Ostegunero, Aiztogile kaleko 103. zenbakian, 20:00etan kazerolada herrikoia