Historia gogoratuz, Ausa Gaztelura martxa

EH ezkerretik eraikiz

Nabarraldekoek pasa den igandean, hilak 29, Aralarreko Ausa-Gaztelu mendira martxa antolatu zuten gogora ekartzeko orain 500 urte Nafarroa estatu independentea zela (2012an beteko dira 500 urte Nafarroa erabat konkistatua izan zenetik) eta orain 812 gipuzkoarrok ere nafarrak ginela. Horrekin batera, euskal estatu nafarra antolatzeko aldarrikapena egin zuten.

Antolatzaileek gogora ekarri zuten Nafarroa erresuma librea izan dela Europan, baina alboko bi erresumen eraso bortitzen eraginez estatu hori menperatua izan zela hainbat momentu historikotan. 1054. urtean Atapuerkako gudaren ondoren Enkarterri eta Bureba kendu zizkiguten, 1076. urtean Errioxa eta 1200. urtean, Araba, Bizkaia eta oraingo Gipuzkoako lurrak bortxaz bereganatu zituzten gaztelarrek. Geroztik nafarrak izateko eskubidea galdu eta hasieran gaztelarrak eta ondoren espainirrak  izatera behartu gaituzte goierritarrok ere.

Gure estatu antolaketa ez ezik, geure hizkuntza, sinboloak, oroimena eta identitatea…  mantentzeko arrastoak desegiten saiatu dira. Horien artean, Ausa Gaztelu mendian zegoen nafar gaztelua bera. Hala ere, hemen bada kulturalki euskaldun eta hiritartasun ikuspegitik nafarra den herri bat. Eskubide osoa duena estatu libre eta soberano moduan antolatzeko. Eskubide hori ere aldarrikatu zen Ausa-Gazteluren gainean, eta azpimarratu gauzatu ahal izateko zein garrantzitsua den nor garen eta nondik gatozen jakitea. Eta batez ere irmo eustea gure eskubidea gauzatzeko borondateari.

Larraitzetik Ausa-Gaztelura mendi martxa egin zen. Bertan, ekitaldi xume bat ospatu zen. Plaka bat jarri zen bertan (Izan ginenaren oroitarri / Nafar Estatuaren eustarr / Euskal Herriaren erakusgarri / Izan nahi dugunaren oinarri), mezua irakurri eta Nafarroako ereserkia abestu zen.

Aldarrikapen eta festak Larraitzen izan zuten jarraipena. Bertan, Ausako DVDa ikusteko aukera izan zen, bertsolarien saioa eta trikitilarien saioak izan ziren eta bertan bazkaldu zuten ekitaldian parte hartu zutenek.