Ordiziarrock eta beste, ekainean Ordiziako Gaztetxean

Gazte eta aske

Hilabete erdialdean (ekainaren 16an, 17an eta 18an) egingo den Ordiziarrock musika jaialdia izango da Ordiziako Gaztetxean egingo den ekintza nagusia, baina Agostinho Memoriala txirindulari martxa herrikoia eta beste hainbat emanaldi ere ekarriko dizkigu Ordiziako Gazte Asanbladak.

Ekaina hastearekin batera, Ordiziako Gaztetxearen hilabeteko egitaraua iritsi zaigu eskuetara.

Datorren astean, ekainaren 8an, zinema antolatu dute Gaztetxean eta 18:00etatik aurrera V de Vendetta pelikula ikusi ahal izango da bertan. Komiki ezagun batzuetan oinarritutako pelikulak kontrol soziala eta faxismoa salatzen ditu, pertsonaia anarkista berezi bat protagonista delarik.

Ekainaren 11n, ETB-1eko Finlandia saioan, Ordiziako Gazte Asanblada Beasaingo Ikastolaren kontra lehiatuko da Desapiyuan. Nork irabaziko du, bareak ala azak? Horren erantzuna jakiteko, telebistari adi egon beharko da.

Ekainaren 16tik 18ra izango da Ordiziarrock Musika jaialdia. Jaialdi horren barruan, aurten kontzertuak Gaztetxera eramango dituzte, 25. urteurreneko ospakizunak direla eta. Hala, ekainaren 18an El cerdo que grunge, Blues Session, Funky Punkie Party eta The Pardels taldeek kontzertuak emango dituzte Gaztetxean.

San Juan bezperan, ekainaren 23an, Ordiziako Gazte Asanbladak San Juan suan parte hartuko du. Gainera, aurtengo sua berezia izango da, aldaketak omen datoz.

Hilabetea amaitzeko, ekainaren 25ean, Agostinho Memoriala txirrindulari martxa herrikoia egingo dute. 16:00etan izango da izen-ematea Gaztetxean. 16:30ean lore-eskaintza egingo zaio Porterian bizikleta hartu eta Gaztetxera bidean zihoala kamioi batek harrapatu eta hil zuen neskari.