Gauzatu da Udalean, aldaketak eragin beharko dituen aldaketa

EH ezkerretik eraikiz

Lehen aldaketa gauzatu da: Udalean Udal Gobernu eta alkatetza berria ditugu. Lehen urratsa eman da, baina horren segidan herritarrok beren botoekin eskatu duten beste hainbat aldaketa kudeatzea izango da Udal berriaren erronka.

Zortzi urte luze eman ditu Udalak ehunka ordiziarren borondateari bizkar emanda, bazterketa politikoa ezarrita, Ordizian bertan bizi genuen gatazka egoera konpontzeko inolako urratsik emateko asmorik gabe. Bakar batzuk gainera, eroso ziren egoera horretan, baina Udalean bizi zena ez zen inondik inora herritarren borondatearen isla.

Beste batzuk, ordea, egoera hori ontzat eman ez, eta aurrera egiteko bidea marrazteko gauza izan dira. Bildurekin hainbat alderdik,  eragilek eta ordiziarrek bestelako Ordizia bat irudikatu dute, bestelako Euskal Herri bat. Urrats handi bat eman dute beren irudimenean, halako indar eta ilusioz, ze gauza izan baitira etorkizun hori gaur egunera bertara ekartzeko eta aldaketa gauzatzen hasteko.

Pasa den maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduk halako garaipena lortu bazuen, izan da herritarrek bere mezuarekin bat egin dutelako. Eta Bilduri halako babesa emanda, herritarrek batetik adierazi dute Udalean bestelako kudeaketa eredu bat nahi dutela, benetan herritar guzti guztien parte hartzea bultzatuko duena, inor baztertu gabe, gardena eta demokratikoa. Bestetik, adierazi dute Udalek ere konpromiso tinkoa hartu behar dutela Euskal Herrian prozesu demokratiko bat bultzatzeko. Eta azkenik, krisi garaiotan herritarron beharrei erantzuteko ezkerreko politikak behar ditugula.

Hiru horiek izan behar dute Udal berriaren erronka nagusienak. Inolaz ere ez orain artean hainbestetan ikusi dugun moduan marfilezko dorre batetik erabakiak hartu eta inposatzen. Udal berriaren politikak herritar guztion behar eta borondateak bideratu behar ditu.

Horixe da herritarrok udal berriari eskatu behar dioguna, eta horretantxe jardun behar dugu Ordiziako eragile eta herritarrok ere Udalarekin elkarlanean.

 

ALKATE BERRIAREN BERTSOAK

OHOREA DA TOKI HONTATIK
ZUEI AGUR EGITEA.
HARROKERIA EZ DAUKET BAINA
HARROTASUNEZ BETEA,
GAURTIK AURRERA NI NAIZELAKO
ORDIZIKO ALKATEA;
NI BAT GEHIAGO BESTERIK EZ NAIZ
ONDOAN DAUKAT TALDEA,
TA HAU LORTZEKO LAN EGIN DUEN
ORDIZIAKO JENDEA.
ASKATASUNA DEGU HELBURU
TA HERRI HONEN BAKEA.
HERRITAR DANEI IREKI ZAIE
BEHINGOAGATIK ATEA;
MAKILA HEMEN NIK DAUKET BAINA
ZUENA DA AGINTEA.

ESTALI DIRA GUDALOSTEKO
EZKUTUAK ETA LANTZAK,
EUSKAL HERRIAK ARGITU DITU
BARRUAN ZITUN ZALANTZAK.
ETORKIZUNA ERABAKI DU
HAUTESKUNDEEN BALANTZAK.
ERANTZUKIZUN HANDIAREKIN
SARTUKO DITUGU MARTXAK.
GAUZA BAT DIRA HERRITARRAK TA
BESTE BAT DIRA EMAITZAK.
GUZTIEK ESAN NAHI DIGUTENA
HARTU BEHAR DEGU AINTZAT,
GURE ESKUA ZABALIK DAGO
HELDU NAHI DUENARENTZAT.
EZ DA ERRAZA IZANGO BAINA
SAIATUKO GERA  BEHINTZAT.

BESARKADA BAT BIHOTZ BIHOTZEZ
ORDIZIAR GUZTIERI,
TA BEREZIKI ETXETIK URRUN
DAUDEN ORDIZIARRERI.
ESKERRIK ASKO URRATS HONETAN
BIDELAGUN DIRENERI,
ETA MUSU BAT NERE ETXEKO
HIRU HARRI BITXIERI.
BORONDATEAK KUDEATZEA
TOKATZEN ZAIT ORAIN NERI.
GONBIDAPENA EGIN NAHI DIET
HEMEN DAUDEN BESTEERI,
TA AULKI GABE GELDITU DIREN
SENTSIBILITATEERI,
DENON ARTEAN EGIN DEZAGUN
ORDIZIA BERRI HORI.