Munduko musika instrumentuen erakustaldia eta La Pulga, ostegunean, D’ Elikatuzen

Ordizian bertan

 

 

Ostegunean, ekainaren 16an, hasiko da, Ordiziarrock musika jaialdia. Munduko musika instrumentuen erakustaldi didaktikoa antolatu dute D’Elikatuz aretoan, 18:30etatik aurrera eta La Pulga flamenko-txalaparta taldeak kontzertua emango du.

Hainbat musika-tresna nondik datozen, zein herrialdetan jotzen diren eta jotzeko teknikak azalduko dituzte, musikaren inguruan jakinmina duen ororentzat. Horren ondoren, La Pulga taldeak kontzertua emango du 19:30ean. Flamenkoa txalapartarekin uztartzen duen taldea da, beraz, oso emanaldi berezia izango da.

Ekainaren 16an, 17an eta 18an kontzertuak eta bestelako ekitaldiak egongo dira Ordiziarrocken VIII. edizioan. Azpimarratzeko modukoa izango da gorrek kontzertuetaz gozatu ahal izateko haiei egokitutako kontzertua ematera etorriko dela Malagako talde bat, Funky Punkie Party Clowns, ostiralean, ekainaren 17an, Herri Antzokian. Horrez gain, kontzertuak egongo dira Gaztetxean eta musika mintegi eta erakustaldiak D'elikatuzen.

Urko Ruiz de Apodaka eta Jon Lekuona Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileek garbi dute, jaialdiak zabala izan behar du, ordiziar orok gozatzeko modukoa, eta horregatik, aurtengo leloa "Hesiak apurtuz" izango da. Hori horrela, hain diskriminatuta dagoen gorren kolektiboa aintzat hartu eta haientzat egokitutako kontzertua antolatu dute ekainaren 17rako, aurtengo apustu nagusi gisa.

Han eta hemen begiratu ondoren, Malagako Funky Punkie Party Clowns taldea deskubritu zuten, hainbat baliabideren bitartez (bibrazio sistema, bukle magnetikoa, interpretea, irudiak, argiztapen berezia, gorputzaren espresioa...) pertsona gorrentzat kontzertuak ematen dituen taldea. Hamabost lagun inguruk osatutako taldea da: interpreteak, aktoreak, musikariak... Haien abestietan umore ona da nagusi eta adin ororentzako moduko ikuskizuna eskaintzen dute, antzerki kutsu handiarekin.

Urko eta Jon haiekin jarri ziren harremanetan. Malagarren erantzuna bikaina izan zen eta ilusio handia erakutsi zuten Ordiziara etorri eta kontzertua emateko. Emanaldia Herri Antzokian izango da eta sarrerak 5 euro balioko du. Ekainaren 17aren aurretik sarrera erosi ahal izango da Herriko tabernan eta egunean bertan ere sarrerak egongo dira takillan.

Horrez gain, Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrenak markatutako jaialdia ere izango da. Hori da Ordiziarrocken data eta leku aldaketaren arrazoi nagusia. Gainera, urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko, larunbateko kontzertuak, ekainaren 18koak, Gaztetxean izango dira. Blues Session bat egongo da eta El Cerdo que Grunge, The Pardels (bertsio ezagunak jotzen dituen eta giro bikaina jartzen duen talde goierritarra) eta Funky Punkie Party Clowns taldeek ere kontzertua emango dute. Malagarrak gustura agertu omen dira ostiralean Herri Antzokian jo eta gero, larunbatean Gaztetxean jotzeko aukera izango dutelako. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira eta agian sorpresaren bat ere izango da, kartela azken momentua arte irekita egongo baita.

Ekainaren 16tik 18ra, badago zer egin eta zertaz goza Ordizian, Ordiziarrocki esker.