Sugorri elkarteak piztuko du San Juan bezperako sua

Ordizian bertan

 

Lehengo urtean antolatu zuen lehen aldiz Sugorri elkarteak San Juan bezperan egiten den sua eta bere inguruko dantza eta antzerkia. Iaz film labur bat egin zuten eta aurtengoan ere egongo omen dira berrikuntzak ekainaren 23ko gauan, 22:30etik aurrera Garagartza plazan.

 

 

Urte askotan, Natik berak bakarrik antolatu izan du San Juan bezperako suaren inguruko ikuskizuna, baina lekukoa hurrengo belaunaldiari utzi zion iaz, eta Amaia Epelde eta Ainhoa Jimenez izan ziren jaso zutenak. Hori horrela, kuadrilan eta lagunen artean gaia mugitzen hasi ziren. Kontuaz hitz egiteko afariak eta bilerak egin zituzten eta halako batean Sugorri elkartea sortzea erabaki zuten.

Elkartearen sorrera arrazoi bategatik izan omen zen: dena ez mugatzea San Juan bezperako sura, horrez gain, beste ekintza batzuk ere antolatzea. Antolakuntzako gastuak-eta kubritzeko rifak saldu zituzten Erdi Aroko azokan, kamisetak ere egin zituzten, Mihiluze telebistako saioan parte hartu zuten dirua biltzeko...

Izan ere, udaletxetik ez zuten laguntzarik jasotzen. Argindarra hartzen ere ez zien uzten aurreko Udalak. Udal berriarekin gauzak aldatuko diren esperantza dute, lehen oztopoak zirenak orain behintzat erraztasunak izango direla.

Iaz, lehenengo urtea izaki, zer edo zer berezia egitea otu zitzaien, eta film labur bat grabatu zuten. Film horretan ikusleek "egiten duguna hobeto ulertzea" izan omen zen helburua, eta baita lortu ere.

Aurtengorako, antzerkia dinamizatu nahi izan dute, urtero ez errepikatzeko, eta ukitu txikiekin urtez urte ikuskizunak ikusleak ez aspertzeko. 60 lagunetik gora elkartuko omen dira ostegunean, 22:30etan hasiko den ikuskuzunean. Baina horren aurretik asteak eman dituzte Aranako terrazan entseguak egiten, baita euripean ere, ez baitute aterperik entseguetarako.

Iazko film laburra: