Bateragunea, edota herritarron unea

Ordizian bertan

Gaur, astelehena, hilak 27, eguerdiko 12:00etan, Ordiziako Plazan ere elkarretaratzea izan da salatzeko “Bateragune kasua” delakoarekin Estatuak eten egin nahi duela  ezker abertzaleak eta Euskal Herriak bere osotasunean bide politiko eta demokratikoen alde egin duen apustua.   Batzuentzat deigarria izan da, gainera, Ordiziako alkatetzak Bando baten bidez herritarrak deitu izana elkarretaratze horretara.

Pasa den maiatzaren 22ko Udal hauteskundeen emaitzek garbi erakutsi dute herritarrek babestu nahi izan dutela Euskal Herrira aldaketa politikoa ekarri nahi duen eta gatazkaren konponketa parametro demokratikoetan planteatzen duen indar politikoa. Babes horrek hainbat aldaketa eragin ditu gure Udaletan, Ordizian barne. Aldaketa horrek posible egin du gaurko elkarretaratzea deitzea deitu den moduan, Udal Bando baten bidez. Eta horrek hainbat eta hainbat ordiziarrengan poza eragin du.

Elkarretaratzea eta bandoa, ordea, ez dira ulertu behar ekimen alderdikoi baten moduan. Jokoan dagoena ez da soilik ezker abertzaleko zortzi militanteren politika libre egiteko eskubidea eta askatasuna edo kartzela zigorra. Militante horien aurkako juizio politikoarekin, eta beste hainbat eta hainbat juizio politikorekin, Estatuak prozesu demokratikoa eten egin nahi du, aldaketa politikorik eman ez dadin Euskal Herrian, ez baitaki nola eman konponbidea gaur egun Estatuaren antolaketa ereduan bertan azaltzen zaizkion arazoei eta pitzadurei. Estatuak bere ezintasuna eskubideak urratzen eta errepresioaren bidez ezkutatu nahi badu, gure erantzunak izan behar du, Aurore Martinen kasuan ezin garbiago agertu den moduan, herri harresia eraikitzea. Oraingo hau herritarron unea izatea lortu behar baitugu.

Gaurko kontzentrazioarekin Plazan bildu diren hamarnaka herritarrek eta Udalak babesa erakutsi nahi izan diote bake eta eskubide ororen errespetura eramango gaituen prozesuari. Izango du aukera, bai, Udalak berak bide horretan urrats gehiago emateko. Eta saiakera berezia egin beharko du  sentsibilitate politiko oso ezberdinetako herritar, alderdi eta eragileek guztiontzako onuragarri izango den prozesu baten alde bat egin dezaten.