San Juan sua, festa eta aldarrikapena

Ordizian bertan

 

Euskal Herrian sustrai sakoneko ohitura da San Juan bezperako sua. Ordizian ere, urte luzetan ospatu da  gau horretako ekitaldi berezia. Sua, eta suaren inguruan festa eta dantza. Eta festa herrikoia izanik, ospakizun horretan beti egon dira presente ordiziarron aldarrikapenak. Baita aurten ere.


Izan ere, aurtengo suak besteak beste kartzelak erre ditu, baita jiringillak ere; Amalurraren defentsa egin du; Oianguri babesa agertu dio; errepresioa eta ertzainek Gaztetxearen aurka egiten duten jazarpena salatu ditu; gaixotasun larriekin diren presoen eta zigorra beteta dutenen askatasuna eskatu du; gogoan izan ditu preso ditugun ordiziarrak…

Aldarrikapen horietako gehienak ez dira berriak izan. Baina izan da bai, hainbat berrikuntza aurtengo San Juan suan. Nagusiena ekitaldiaren prestaketan Udalak parte hartu eta erraztasunak eman dituela, oztopo eta trabak jarri beharrean. Udal eta garai berrien seinale.

Ea gai garen urtean zehar sua bizi-bizi mantentzeko, erretzen jarrai dezan herri honetan eskubideen urraketan tematzen diren izpiritu gaizkileak, eta berotasuna eta indarra ematen dion irekitzen ari den egoera berriari.