Ordiziako txoznen eta Gaztetxearen jaietako egitaraua

Gazte eta aske

Berrikuntza nagusiak hiru izango dira txoznetan: bi barra montatuko dituzte txozna gisa, egunero zinema emanaldi irekiak egongo dira eta afariak ere emango dituzte. Gazte Eguneko bazkarirako ticketak eta kamisetak uztailaren 15ean jarriko dituzte salgai Gaztetxean.

Nobedadez beterik dator aurtengoan txoznen eta Gaztetxearen egitaraua. Aipatutakoez gain, azpimarratzeko modukoa da aurten, lehenengo aldiz, txoznen eta Gaztetxearen egitaraua Udalaren egitasmo ofizialaren barruan ere sartuko dela.

Uztailaren 15ean, ostiralean, eskupilota txapelketa herrikoieko finalak jokatuko dira 20.00etan, eta horren ondoren afaria antolatu du Emaneurrek.

Larunbatean egun potoloa izango da, azken urteetako ohiturari jarraituz, Gazte Egune izango baita. Gaztetxean txupinazoa botako da 12:00etan eta poteo eder baten ondoren bazkaria egingo da txozna gunean.

Bazkalondoan, 18:00etan, hasiko da Gaztetxean IV. Goierri Punk Festibala Kanzer de Kresta, Zutik Dirau eta Cuarto de Horaren eskutik. 20:00etan musikak atseden hartuko du Gazterie aurrera!!! lelopean egingo den manifestazioa hasteko. 21:00ak eta 23:00ak artean Brutal Calling, Total Patatas, Zaborra eta Metralleta taldeek joko dute Gaztetxean.

Horiek amaitutakoan Txoznetan Kilauea, Sutura eta Manolo Kabezabolok hartuko dute lekukoa.

Uztailaren 18an, 19an, 20an eta 21ean, txoznak 18:00etan irekiko dituzte eta "Burue astindu" ekimenari esker, mahainguruak egingo dira torturaren, AHTren eta beste hamaika gairen gainean. Egun horietan, 20:00etan hasiko dira bokadiloak ematen eta 22:00etan zinema irekia hasiko da. 18an El Odioa filma jarriko dute, 19an Tierra y Libertad, 20an La Mision eta 21ean V de Vendetta.

Asteburua iritsitakoan, jaia itzuliko da. Ostiralean, uztailaren 22an, 22:30etik aurrera La URSS eta Achtung! taldeek kontzertua emango dute txozna gunean. Larunbatean Disturbio eta The Pardels taldeek joko dute txozna gunean 22:30ean hasita.

Igandean, uztailaren 24an, presoei elkartasuna adierazteko ekintzak antolatu dituzte. Hori horrela, "Maite zaituztegu" eguna izango da igandea eta eguerdian, plazan, txupinazoa bota ondoren trikipoteoa hasiko da, gero bazkaria, eta arratsaldean, 19:30ean, euskal presoen aldeko manifestazioa eta ekitaldia burutuko dituzte.

Egitaraua hor amaitzen da, baina jaiak egun gehiago iraungo du txozna gunean eta Gaztetxean.