Ordiziako I. Rugby Tokata txapelketa herrikoia, uztailaren 23an

Ordizian bertan

Ordiziako errugbizale talde batek antolatutako txapelketa izango da eta "touch" erakoa denez, ez da plakaketarik onartuko. Herrian errugbiak duen indarra eta beste txapelketa herrikoiek duten arrakasta ikusita animatu ziren ekimena antolatzera.

Ordiziako I. Tokata Rugby txapelketa herrikoia errugbiaz ikusle gisa gozatzen duenari jokalari izateko aukera emateko sortu da, eta dena 10 euroren truke.

Baina antolatzaileak berehala konturatu ziren errugbia kontaktu handiko kirola dela eta teknika eta indarra behar direla modu seguruan praktikatu ahal izateko. Hori horrela, txapelketa ahalik eta jende gehienarengana iristeko kontaktua kendu eta "touch" edo "tokata" erara jokatzea otu zitzaien. Modalitate horretan, plakaketak ez du balio, bi eskuekin aurkaria ukituz kentzen zaio baloia.

Txapelketan izena emateko epea dagoeneko amaitu da eta guztira 12 taldek jokatuko dute. Talde bakoitza 8-12 jokalariz osatuta dago, eta tartean Ordiziako federatuak egongo dira, baina aldi berean bik bakarrik jokatu ahal izango dute.

Arauak eta ezaugarriak hemen dituzue ikusgai (sakatu arauak edo ezaugarriak), baina oinarrizko batzuk jakite aldera: partida 7 minutuko bi zatiz osatuko da, gutxieneko adina 16 urtekoa da, baloia ezingo da hankarekin ukitu eta ez dago ez meleerik ez toucherik.

Partidak uztailaren 23an jokatuko dira, jaien egitarauaren barruan, Errugbi zelaian, Altamiran.

Tokata txapelketaren barruan errugbiarekin lotutako beste joko batzuk ere egingo dira. Paseak, ostikadak, plakaketak eta beste hainbat baliabideren bidez osatuko dituzte jokoak. Tartean hankarekin baloia jota hagetara jaurtitzea egongo da.

Txapelketa amaituta, hirugarren denbora hasiko da. Parte hartzaileek zelaian bertan egokitutako eremu batean jan eta edan saio bat egingo dute, edozein errugbi partidaren ondoren egiten den bezalaxe.