Badugu plana urriaren 22rako!

Gazte eta aske

"Ez egin planik urriaren 22rako!" ikusi edo entzungo zenuen behin eta berriz Ordiziako tabernetan, txoznetan, karteletan... baina zergatik ez? Ba, Gaztetxearen 25. urteurreneko jaialdia ospatuko delako orduan, eta ez da nolanahiko jaia izango, goizetik hasi eta ordu txikietara arte festan murgilduko da herri osoa.

25 urteko historiak merezi duelako, Ordiziako Gazte Asanbladak jaialdi erraldoia antolatu du urriaren 22rako. Urtebetez 25. urteurrena dela eta hamaika ekintza egin ondoren, gorenera iritsiko da ospakizuna. Frontoi itxiko kontzertuetara joateko sarrerak 12 euro balioko du aurrez erosiz gero, eta 15 euro bertan. Egun osoko bonoak, kontzertuez gain bazkaria ere eskaintzen duenak, 17 euro balio du. Gainera, eguneko plana egin nahi duenak ere izango du aukera bazkarira bakarrik joateko, sei euro ingururen truke. Sarrerak Ordiziako Herrikon, Kirikilen, Orlegin eta Urdinen, Beasaingo Arranon, Zumarraga-Urretxuko Gaztelekun, Tolosako Eguzkin, Hernaniko Garinen, Donostiako Herrian eta Arrasateko Iratin egongo dira salgai.

Urriaren 22ko 11:25ean, jaiari hasiera emateko, aurreskua dantzatuko diote Gaztetxeari eta hortik abiatuta poteoa hasiko da zanpantzarrekin, trikitilariekin, erraldoiekin eta albokariekin.

Poteoa amaituta, 14:25ean izango da bazkaria kanpoko frontoian, eta bertan sagardoa lepo egongo da eztarria bustitzeko. Bazkalondorako "Batallita kontaketa" antolatu dute, Gaztetxean ibili direnek bertan bizitako istorio bereziak konta ditzaten. Umore ona izango da bertan nagusi.

Egitarauari segida emanez, 18:00etan Plaza Nagusian "Porrotxen bihurrikeriak, marrubizko muxuak eta entzierroa" egongo dira haurren gozagarri. Horrez gain, Motxila 21 taldeak kontzertua emango du. Talde nafarra oso berezia da, kideak Down sindromedun 12 gazte eta 7 boluntario baitira. Taldea ezagun egin da "El Drogas" Barricadakoaren kolaborazioa izan baitu hainbat emanalditan.

Hori Plaza Nagusiko guneari dagokionez, baina bitartean, kanpoko frontoian martxan egongo dira musika eta txoznak. Gainera, 20:00etatik aurrera bokadiloak emango dituzte eta DJ Bullen musikaz ere gozatu ahal izango da erabat doan, kanpoko frontoira sartzeko ez baita sarrerarik ordaindu beharko.

Barruko frontoian, berriz, 21:00etan hasiko da festa. Laket, Revolutionary Brothers, Bizardunak, Obrint Pass eta Egurra ta Kitto taldeen kontzertuak egongo dira. Laketek Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrenerako egin zuen abestia jotzen duenean festak eztanda egingo du frontoian.

Beraz, ez ahaztu, baduzu plana urriaren 22rako!

Kanpotik etortzen direnentzako argabideak biltzen dituen mapa ere osatu dute, ekitaldiak non izango diren jakiteko. Baina horrez gain, garraio publikoa erabiltzeko deia ere egiten da eta autobus eta tren geltokiak non dauden ere ikus daiteke ongi zehaztuta:

Ez da gaizki etorriko Laketek egin zuen abestiarekin Ordiziako Gazte Asanbladak antolatu eta herritar askok parte hartu zuen lipdub-a gogoratzea: