Giro paregabea Euskal Jaietako herri-kiroletan

Ordizian bertan

Giro ederra sortu da gaur Ordiziako Plaza Nagusian Emaneurre Realzaleak antolatutako koadrila arteko herri-kirol txapelketan. Dozenatik gora koadrilak parte hartu dute Euskal Jaien egitarauaren baitan egin duten kirol lehiaketan.

Alde batetik, sokatira txapelketa jokatu da. Kanporaketa bat izan da eta irabazleek aurrera egiten zuten eta beste kanporaketako garailearen kontrako jokatuz aurrera egin dute.

Beste aldetik, eta aldi berean, erlojuaren kontrako froga jokatu da. Bertan, zazpi proba desberdin (ingudea, trontza, harri-jasotzea...) egin behar zituzten lehiakideek eta proba guztiak bi aldiz egiteko denbora gutxien behar izan duten bi koadrilek finala jokatu dute.

Beroa ikaragarria izan da goiz osoan eta bat baino gehiago zorabiatu egin da beroak eta nekeak jota, baina umore ona eta giro bikaina izan dira nagusi. Plazaren inguruan ere jende asko bildu da ikuskizunaz gozatzera.

Aurtengoa lehenengo koadrila arteko herri-kirol txapelketa izan da, baina jaso duen erantzuna ikusita, datozen urteetan ere Euskal Jaien egitarauan sartuko dela espero da.

ARGAZKIAK