Goierri Ekologikoa, irailaren 18tik urriaren 27ra

EH ezkerretik eraikiz

 

Udazkenean Goierri Ekologikoa ekimena burutuko dute berriz ere. Goierriko Baratzak, Biolurrek eta Zerain Dezagun Fundazioak bigarren aldiz antolatu dituzte Zeraingo Nekazaritza Ekologikoaren Azoka eta Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia programazio berean.

 

 

Hori horrela, datorren irailaren 18an, Zeraingo XVII. Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoaren Azoka ospatuko da. Produktu ekologikoez gain, artisautza, tailerrak eta erromeria izango da bertan.

Irailaren 20tik urriaren 27ra, berriz, IV. Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia egingo da Goierriko hainbat herritan. Nekazaritza ekologikoari eta osasunari buruzko hitzaldietan, tailerretan eta ikastaroetan parte hartzeko aukera egongo da.

Irailaren 24an, goizeko hamarretan, ogi biologikoa egiten ikasteko tailerra antolatu dute Ezkio Itsasoko Hariztizabal baserrian. Xabi Akizuk eta Marilu Gardokik emango dute ikastaroa 15 euroren truke. Era berean, urriaren 1ean, 10:00etan, bisita antolatu dute Abaltzisketako Naera Haundira, mermelada ekologikoa nola egiten duten ikusteko.

Ikastaroei dagokienez, urrian, larunbatero, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroa emango du Jesus Larretxeak. 180 euroko prezioa izango du ikastaroak.

Hitzaldi ugari ere antolatu dituzte, sarrera doakoa izango da eta denak 19:00etan hasiko dira. Irailaren 20an "Baratza ekologikoak terraza eta balkoietan" izeneko hitzaldia emango du Amaia Agirrek Zeraingo Kultur Etxean. Hile berean, baina 22an, "Osasunerako bidea elikaduraren bitartez" hitzaldia eskainiko du Jesus Larretxeak D’ elikatuz zentroan, Ordizian.

Irailaren 27rako sendabelarrei eta jateko belarri buruzko hitzaldia antolatu dute Zeraingo Kultur Etxean eta Maialen Sarasola izango da hizlaria. Ordutik bi egunera, irailaren 29an, mahai ingurua antolatu dute Ordiziako D´elikatuz zentroan, esperientziak elkartrukatzea eta etorkizunaz hitz egitea helburu.

Ikastaroak, tailerrek eta bisitek sarrera mugatua dutenez, aldez aurretik izena eman behar da, zuzenean Goierriko Baratza dendan edo 943 087 498 telefono zenbakian.