I. Auzolan topaketak, irailaren 30etik urriaren 2ra, Usurbilen

EH ezkerretik eraikiz

Datorren irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an lehenengo Auzolan topaketak burutuko dira Usurbilen (Gipuzkoa), elkar topatu, ezagutu eta sarean elkarlanean hasi, ekimen autogestionatu eta horizontalak garatzeko, gizarte eraldaketa bat burutzeko bidean. Izena emateko, egin klik hemen.

Antolatuta dagoen herriak bere bilakaeran eragiteko gaitasuna du, bere etorkizuna gidatzeko ahalmena. Herritarren autoantolakuntza funtsezkoa dugu gure historiaren subjektua izateko. Gaur egun, aldiz, merkatu kapitalistak eta administrazio publikoek euren logika merkantilistak eta normatibistak ezartzen dituzte eta, ondorioz, gure bizimoduak gero eta merkantilizatuago eta normatibizatuago daude. Zentzu horretan, gero eta nabarmenagoa da kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka: akumulazioaren eta etekinaren logika bateraezina da bizitzaren eta elkarren zaintzaren logikarekin. Egun krisian dagoena ez da soilik ekonomia, zibilizazio modu oso bat da, munduan egoteko eta bizitza ulertzeko modu bat: naturaren suntsiketan eta jendartearen desartikulazioan oinarritzen den modernitate kapitalista eta patriarkala. Herritarren autoantolakuntzak, auzolana eta herrigintzak, bere logika propioetan autozentratuz (ez logika merkantilistak ezta estatalistak), beste modu batez produzitu dezake jendartearen antolakuntza; elkarbizitza soziala eta ingurune naturala errespetatuko duen modu batez, bizitzaren birsortze-prozesuak zainduko dituen modu batez. Horrela izan da historikoki eta horrela izan daiteke aurrerantzean ere. Auzolana, herri-ekimena eta antolaketa modu komunitarioak, gure tradizioan dauden elkarbizitza modu preliberalak eta prekapitalistak diren neurrian, modu kritikoan aztertu behar ditugun argibide ugari eman ahal dizkigute. Testuinguru horretan sortu zen Auzolan proiektua:

- Euskal Herriko udalerrietan Auzolan Taldeak eta Proiektuak abian jartzea dinamizatzen duen Koordinazio eta Lankidetza Foro bat.

- Auzolan proiektuak dira herri garapenaren bidez pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko helburua dutenak, gizartea eraldatzeko ikuspuntua oinarri hartuta, eta Euskal Herriaren esparru osoan, banako-, talde-, gizarte- eta nazio-emantzipazioa lortu nahi dutenak.

- Erreferentziazko esparru horretan, zenbait proiektu sustatzen dira, besteak beste: ekoizpen eta kontsumo ekologikoko kooperatibak, trukea, tokiko txanponak, buruaskitasun energetikoa lortu nahi duten energia-kooperatibak, etxebizitza, hondakinak, hezkuntza, osasuna eta kultura-proiektuak. Proiektu horiek herrietan kudeatuko dira, tokiko Batzarren bidez.

- Auzolan proiektua Garai-aldaketako testuinguru historiko batean gaudela jakinda eratu zen, eta ez aldaketen garaian. Proiektu horren justifikazioa egungo krisi globala da, eta batzuek esaten dioten bezala, "Kapitalismo Globalaren Porrota". Krisi horretan, Petrolioaren Gailur-jotzea oso gertu dugun mehatxu bat da, Gizateria osoarentzat oro har, eta Euskal Herrian bizi garen pertsonentzat bereziki.

- Auzolan proiektuaren ezaugarri nagusia da Talde-ikaskuntzako Prozesu Iraunkor bat izatea. Herri garapeneko printzipioak oinarri hartuta, Euskal Herrian bizi garen pertsonen eta pertsonaren bizitza-etapa bakoitzaren oinarrizko beharrak asetzeko erantzunak bilatu eta sustatu nahi ditu, ikuspuntu integral batetik eta genero-ikuspuntua kontuan hartuz.

- Auzolan proiektua Euskal Herriko kulturari, lanari eta historiari estuki lotuta sortu da. Gure herriaren ezaugarri nagusia izan da garaietan zehar ekoizpen-sistemetan lana antolatzeko moduak lan komunitarioaren balioak, auzolana, berdintasuna, elkartasuna eta Batzarretan egiten zen demokrazia zuzen modu bat mesedetzeko eta sustatzeko joera argia zuela, eta neurri batean, banakoaren eta taldearen askatasuna lortu nahi zuela. Gure arbasoei esker ona eman nahi diegu, kultura hori transmititu baitigute eta, haiei esker, gaur egun, bide berri horri betiko irriken eta nahien bidez ekiteko aukera baitugu.

- Proiektu berri hori une erabakigarrian sortu da. Garai-aldaketa bizitzen ari garela jakinda, eta horren ondorioz, abian jarri dugu Auzolan proiektua, gure kulturaren berezko balio historikoa eta komunitarioak erreferentziatzat hartuta.