Munduko kulturen topaketa Ordizian, Sustraiez Blairen eskutik

Ordizian bertan

Sustraiez Blai kultur elkarteak Munduko Kulturen XI. topaketa ekarriko du Ordiziara datorren azaroaren 12an. Hamaikagarren urtez jarraian kultur aniztasunean oinarritutako musika eta festa ekarriko dituzte Ordiziako Plaza Nagusira eta Garagartza Plazara.

Izan ere, aurreko urteetan bezalaxe, musika emanaldiak bi tokitan izango dira. Gainera, aurreko urteetan ez bezala, egun osoan zehar artisautza azoka egongo da alde zaharreko kaleetan zehar.

Aurten La trocamba matanusca, Dilshad, Adabegi, Bombino eta Samueliko y los Guailers taldeak arituko dira Ordizian.

La trocamba matanusca Valentziatik datorren taldea da eta 18:00etatik aurrera arituko dira Garagartza plazan musika balkanikoa jotzen duten valentziarrak. Horien ondoren, Dilshad taldeak hartuko du lekukoa. Donostiako taldeak ekialdeko dantza eta sabel-dantza ikuskizun paregabea eskainiko du.

Hori Garagartzan izango da, baina iluntzean Plaza Nagusian egongo da agertokia. Bertan Adabegi talde zestoarrak flamenkoa eta txalaparta uztartuko ditu oholtzaren gainean. Gero, eskenatokia agian txiki geratuko da Bombino tuareg gitarra-jotzaile handiarentzat. Nigerreko basamortuko blues musika ekarriko du musikari afrikarrak Ordiziara.

Azkenik, eguna jai eta dantza giro ederrean amaitzeko, Samueliko y los Guailers talde kataluniarrak runba doinuak joko ditu.

Hala ere, hor ez da festa amaituko. Izan ere, Sugaar tabernan, 01:00etik aurrera, DJ Talok munduan zeharreko bidaia musikala proposatuko du, eta aurrekoetan bezala, sarrera doakoa izango da.