Muanmar eta Mohamed... Zibilak eta Mendebaldea!

Iritziak

Aitor Asurmendi ordiziarrak iritzi artikulu interesagarria idatzi du Libian gertatu denaren inguruan. Afrikako beste herrialde batzuekin eta western pelikula batekin alderatzen du Libiako gerra.

Hollywood-eko western-ak hainbat ezaugarri biltzen ditu, gehiago edo gutxiago, genero horretako film gehienetan errepikatzen direnak:

- On puska izatetik gertu dagoen sheriff-a… eta deabrua bera baino gaiztoagoa den gaizkilea eta bere koadrila!

- Unai bihozbera… eta unai bihozberaren familiartekoren edo lagun minen bat hil duen indiar krudel, itsusi eta gupidagabea!

- Zaldiak eta zalgurdiak; saloon-ak eta bertako neska lirain dantzariak; bizargilea eta lurperatzailea; Colt 45a eta Winchester 73a

- Arbola "sokaduna" eta herriko edo kanpoko kristauren bat akabatzeko edo urkatzeko pronto dagoen giza talde haserretua (justizia bere esku hartzeko prest dagoena, alegia).

Bai, lagunok, "Oesteko edo Mendebaldeko" pelikula horiek maite ditugunoi (edo genituenoi) behin baino gehiagotan egokitu zaigu geure besaulki erosotik filmeko pertsonaiaren baten lintxamenduaren lekuko izatea, eta esan genezake ez direla pelikulako minuturik atseginenak eta lasaienak izan…

Berriki, albistegi gehienetan  —"guztietan" ez esatearren— Libian 42 urtez agintean egon den diktadore gupidagabe, krudel eta itsusiaren bizitzako azken minutuak ikusi ditugu: gorputz odoleztatua, panpina bailitzan, mendeku goseak zegoen giza talde haserretuaren eskuetan (… eta oinetan!).

Espero al zitekeen horrelakorik? Hilabete batzuk atzera eginez gero, ez behintzat! Ondotxo gogoratzen dut 2009ko argazki batean —munduko telebista-kate eta egunkari gehienetan plazaratu zena—  nola agertzen zitzaigun dotore jantzitako koronela, "Libiako sheriff-a", mundu mailako agintari gorenekin, bestela esanda, Nazioarteko Komunitatea (edo MENDEBALDEA) ordezkatzen duten demokrata handienekin…

"Demokrata handi" horiekin zituen harreman komertzialak tarteko, inoiz baino gizon errespetagarriagoa zirudien, baina, argi denez, demokrazia handi horietako multinazional askok, "udaberri arabiarra" Libiara gerturatu zela ikusita, "Gadafi-ren petrolioa eta gasa" modu dezente ekonomikoagoan lortzeko abagunea ikusi zuten.

Nicolas Sarkozy eta David Cameron bezalako unai bihozberen gidaritzapean, NATO erakunde militar bakezalea "bere Colt 45 eta Winchester 73 onenak" hasi zen erabiltzen Libiako zeruan, gauetik goizera gaizkile bilakatutako sheriff ohiaren eta bere jarraitzaileen aurka.

Emaitza? Aski ezaguna! Libiako zibilak babesteko "ahalegin ohoregarrian", 26.323 "hegaldi" —azaroaren 1eko datuak dira, NATOk berak emanak— egin eta gero, aire erasoek indiar krudel gupidagabeak birrinduta, txiki-txiki eginda utzi zituzten (bide batez, makina bat zibilen heriotza eraginez). Gerra irabazia zen, eta herrialdea libre! Indar erakustaldi horren "lekuko" izandako matxinoek bazuten nor gurtu: Nikolas eta David, "Jainko berriak"! Hain txintxo portatzearen ondorioz, gure Nikolasek Libiako petrolioaren eta gasaren %35 eskuratu omen zuen…

Eta Libiatik ez oso urrun, Magreb-eko beste herrialde batean ere izan zen Mohamed VI.a izeneko "sheriff-errege"aren aurka altxatutako herritarrik. Marokoarrak ziren. Ez zeuden batere konforme bizi zuten egoerarekin (asko eta asko miseria gorrian, eta feudaltzat jo dezakegun erregimen despotaren oinpean). Manifestazioak egin zituzten nonahi… baina jasandako errepresioari "eske" aldaketaren bat eskatzen zuten aldarrikapenak ezerezean gelditu ziren. Manifestari horiek jasandako errepresioa, gainera, "txukuna baino txukunagoa", "garbia" izango zen oso, NATOk ez baitzuen, Libian ez bezala, parte hartzeko motiborik ikusi…

Herrialde honen historiari errepasotxo bat emateko tartea hartuta, ezin dugu ahaztu kolonia frantzesa eta espainiarra izandakoa kolonizatzaile bilakatu zela 1975ean, ordura arte espainiarren esku egondako Mendebaldeko Sahara bere egin zuenean (hasiera batean Mauritaniak Mendebaldeko Sahararen hegoaldea hartu zuen, gerora Marokoren esku geratuko zena).

Orduan agintean zegoen Hassan II.a erregeak Martxa Berdea jarri zuen abian. Milaka marokoar Sahara kolonizatzera bidali zituen, eta, bide batez, sahararrak euren lurraldeetatik kanporatzen… eta akabatzen saiatu zen! Bai, jaun-andreok, "genozidio" hitza aipatzen dugunean II Mundu Gerrako judutarrak edo Kanputxeako milioika herritarrak datozkigu burura, baina ez dugu ahaztu behar egun Marokoko errege den Mohamed VI.aren aitak —armada lagun— izugarrizko sarraskia eta triskantza eragin zuela ihesean Algeriako errefuxiatu-guneetara zihoazen saharar herritarren artean. Vietnam-eko gerran erabilitako napalm-az ("agente naranja" izenez ere ezaguna den arma kimikoaz) eta fosforoaz baliatu zen herritar xumeak, emakumeak, haurrak —azken batean, ZIBILAK— bonbardatzeko eta hiltzeko.

Ihesi zihoazen sahararren artean bazen egun Zumarragako ospitalean lan egiten duen erizain ormaiztegiarra: Gurutze Irizar… edo Fatimetu (sahararrek horrela ezagutzen dute-eta). Bi urte lehenago, 1973ko martxoan, Kanariar Uharteetan erizain lanetan ari zelarik, ezagutu zuen bere senarra izango zena, Mohamed Salem sahararra. Eta maitasun horrek, eta handik hilabete batzuetara izandako gertaerek, eramango zuten Algeriarako ihesaldi horretako partaide izatera…

Jon Andueza euskal zinemagileak egindako Fatimetu filmean hauxe zioen gure Gurutzek: "Ihesaldi hura infernu bilakatu zen! Egunero ikusten genuen jendea gure inguruan hiltzen! Gu ihes egin nahirik, eta marokoarrak euren hegazkinetatik gu akabatu nahian! Pentsa, egun batean 25 haur lurperatzera iritsi ginen! Hura kaka zaharra zen; ez zen hura jasango zuen kristaurik!".

Bada bai, kolonizatuak izandakoak kolonizatzaile bilakatu ziren, eta 36 urte geroago hortxe diraute, Berlingo harresia baino luzeagoa eraikita… eta Gadafi boteretik kentzen lagundu duten horiexen babespean!

Izan ere, Frantziak, AEBek… ustiatzen dituzten bertako baliabide naturalak (arrantza, fosfatoa, sahararren zoritxarrerako berriki aurkitu duten petrolioa…) nahikoa arrazoi badira egungo status quoari eusteko. Eta bai, irakurle, munduko hipokresiarik handienaren jabe den Mendebaldeak aldaketak "aurrikusiko" ditu hainbat herrialdetan (Iran eta Venezuela albiste izan litezke datozen urteetan), baina inondik inora ez Saharan edo Palestinan. Lasai egon daitezela Rabat-eko edo Tel Aviv-eko biztanleak, ez baitira bertara Tripoli-ko edo Bagdad-eko zibilen aurkako eraso askatzaileak inoiz iritsiko…