Emakumea, presoak, euskara eta tentsio handiko kableak Osoko Bilkuran landuko diren gaiak

Udal txinpartak

Ireki dugun aro berrian askotan esan izan dugu gure borroka moldeetan erakundeek aparteko garrantzia dutela, indar metaketarekin batera borroka instituzionala gure borrokaren ardatzetako bat izan behar duela. Baina hori ez dugu esaten pentsatzen ari garelako egungo markoa eta egungo menpeko erakundeak justifikatu eta mantendu nahi ditugula. Ezta pentsatu ere. Aitzitik, erakundeetako boterea gureganatzeak aparteko garrantzia duela pentsatzen dugu, beste modu bateko kudeaketa egiteko eta aro berria bultzatzeko tresna moduan. Eta orain, BILDUk agintea hartu duenean, herritarron esku daude horietako hainbat tresna.


Kudeaketari dagokionean, benetako parte-hartze mekanismoak jarri dira martxan (arlokako zein auzoetako batzordeak). Mekanismo horien artean beti aldarrikatu izan dugu Osoko Bilkura irekiak eta parte-hartzaileak egiteak duen garrantzia, bereziki baztertuta ginenean eta Osoko Bilkurak goizeko 8:00etan egiten zituztenean herritarrok parte hartzerik izan ez genezan. Eta urtetan bizi izan dugun apartheid egoerak eraman gaitu Osoko Bilkuretan parte ez hartzera ohitzera eta Osoko Bilkurak berak mespretxatzera. Baina orain horietan parte hartzeko aukera ireki zaigu eta parte hartu behar ditugu, bai sen demokratikoak hori eskatzen duelako, eta baita bertan ezker abertzalearen oinarri sozialaren indarra azaldu behar dugulako ere.

Aro berria indartzeari dagokionean, gure esku dago Udala bera erabiltzea marko berria indartzeko eta Euskal Herria eraikitzeko norabidean lan egiteko. Helburu estrategikoak lantzeko kudeaketa lana egin beharko dugu, baita lan ideologiko eta pedagogikoa ere. Zentzu horretan, datorren Osoko Bilkuran aukera paregabea izango dugu hainbat mozio aurkeztuko direlako: presoen eskubideen inguruan, euskararen alde, emakumeenganako indarkeriaren aurka eta tentsio handiko argindarraren autopisten aurka.

BILDUk gehiengoa izanik ez da zailtasunik izango mozio horiek aurrera ateratzeko. Baina Udalak mozioak onartzeaz gain, nolabait ikusarazi behar dugu erabaki horien atzean herritarrok gaudela.

Beraz, badakizue, mozio horiei herritarron babesa agertzeko eta Osoko Bilkurak herritarron espazio bezala berreskuratzeko, azaldu datorren ostegunean, azaroak 24, arratsaldeko 19:00etan Udaletxean ospatuko den Osoko Bilkurara

Gai ordena honako hau izago da:

 

  1. 2011ko urriaren 26an ez-ohiko deialdian egindako osoko bilkurako akta onartzea.
  2. 2011ko urriaren 27an ohiko deialdian egindako osoko bilkurako akta onartzea.
  3. 2011ko azaroaren 14an ez-ohiko deialdian egindako osoko bilkurako akta onartzea.
  4. Azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Aitorpen Instituzionala.
  5. Euskal Presoen Eskubideen Aldeko proposamena BILDU taldeak aurkeztutakoa.
  6. Euskareren nazioarteko eguna dela eta, Udal Batzarrari BILDU taldeak  aurkeztutako proposamena.
  7. Gipuzkoako Itsasoko azpiestazioa eta Dicastilloko azpiestazioa lotuko dituen proiektuaren desadostasunari buruzko proposamena BILDU taldeak aurkeztutako.
  8. Goieki SAko ordezkariak izendatzea.
  9. Inbertsioetako partidetan kreditu transferentziak onartzea.
  10. GOIMENeko ordezkariaren ordezkapena.
  11. 2012ko  zergak eta tasak behin betiko onartzea.
  12. Galde-eskeak.