Urtarrilaren 7ko manifestazio kolosalerako atxikimenduak jasotzen ari dira

Askatasun ahotsa

Egin Dezagun Bidea euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimena urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimenduak biltzen ari da kolosalaizangoda.info webgunearen bitartez. Herritar eta eragile orok eman diezaioke atxikimendua manifestazioari.

Babesak bilatzeko kanpaina hasi eta 24 ordura 1.500dik gora lagunek sinatu zuten adierazpena. Manifestuak 6 puntu nagusi aldarrikatzen ditu:

1- Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea

2- Espainiar estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea. Finean, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea.

3- Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunei bide emanez.

4- Zigorraren 3/4ak bete dituzten presoen kaleratzea.

5- Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen zaintza egokirako beharrezko neurriak hartzea. Finean presoen osasunerako eskubidea bermatzea da eskatzen duguna.

6- Ireki den aro berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan ezartzea

Horrekin batera, urtarrilaren 7an, 17:30ean Bilbon, euskal presoen eskubideen alde antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.