Neurriz kanpoko zigorrak, preso politiko ordiziarren eguneroko ogia

Askatasun ahotsa

Ainhoa Irastorza preso ordiziarra zigortuta dago 20 arratsaldez ziegatik ez irtetera, espetxe-agientarien baimenik ez zuten bi lagunekin telefonoz hiru minutuz hitz egiteagatik.

Preso daudenek, besteok ia oharkabean egunero egin ohi ditugun hainbat ekintza burutzeko zailtasunak, eta askotan, ezintasunak dituzte. Hala nola, telefonoz hitz egiteko.

Ezin dute, inondik inora, telefonoz, nahi dutenean, nahi dutenarekin hitz egin. Ezin dute inoiz telefono deirik jaso. Eta hots egin, soilik espetxe-agintariek baimena emandakoei deitzea daukate. Ainhoak, esaterako, bost pertsonari deitzen die: mutil-lagunari, familiako beste hiruri eta lagun bakar bati.

Horretarako, gainera, bost horiek, euren telefono kontratu eta hainbat faktura aurkeztu behar izan zituzten, aldez aurretik.

Astean bosna minutuko zortzi telefono-dei egin ditzake Ainhoak. Urriaren 16an bikote-lagunari deitu zion. Honek, Ainhoarekin pare bat minutuz aritu ondoren, orduan berarekin zeuden bi laguni pasa zien telefonoa haiek ere, besterik ez bazen, Ainhoa agurtzeko aukera izan zezaten geratzen ziren hiru minutuan. Eta halaxe egin zuten.

Espetxe-agintarien baimenik ez zuten bi lagunekin hitz egiteagatik zigortu dute, ordea, Ainhoa, oraingoan.

3 egunetik 30era arteko zigorra jaso liteke horrelakoengatik. Eta 30 egunekoa ezarri zioten Ainhoari, lehendabizi. Honek helegitea aurkeztu, eta 30 egunetik 20ra jaitsi zioten zigorra. Berriro ere helegitea aurkezteko aukera bazuen, baina hala eginez gero, kartzelatik kanpo aterako zuten Ainhoa epaitegira eramateko, eta hori ez egitea eta atzera ere ez errekurritzea erabaki du. Izan ere, besteak beste,  horrelako eramateetan sarri salatu izan dituzte presoek poliziengandik jasotako tratu txarrak.

Beraz, 3 minutuz bi lagunekin telefonoz hitz egiteagatik, 20 egunez egongo da arratsaldez bere ziegatik irten ezinda.

Goizetan ikasten aritzen denez, arratsaldeko hiru orduak baliatzen ditu Ainhoak bere moduluan dauden beste bi euskal preso politiko emakumezkoekin egoteko. Baina, orain, 20 egunean ezin izango du hori egin.

Afera honetan guztian, bi dira gogor salatu nahi ditugun gaiak:

•    Batetik, zigorraren gehiegikeria.
•    Eta bestetik, telefono-deia grabatu izana.

Jakin badakigu, telefono-deietan esandakoak, bisitetan hitz egindakoak eta  gutunetan idatzitakoak ez dituztela soilik gure lagun eta senide presoek jasotzen. Beste hainbat belarri eta begi izaten dira horiek guztiak tentuz aztertzen. Eta Ainhoari gertatu berri zaiona, horren froga garbia dugu.

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!