San Silbestrean, Gaztetxearen 25. urteurreneko kamiseta soinean

Gazte eta aske

Abenduan ere ekintza andana antolatu du Ordiziako Gaztetxeak eta urteari "agur" esateko, San Silbestre lasterketan 25. urteurreneko kamiseta morearekin ateratzeko deia egin du Ordiziako Gazte Asanbladak.

Urteko azken hilean ere egitarau mardula ekarri digu Gaztetxeak, dagoeneko pasa diren ekintzez gain, datozen egunotan ere izango da zer egin Gaztetxeari esker.

Hala, abenduaren 10ean hileko bigarren soinu-teknikari ikastaroa egingo da Gaztetxean 17:00etatik aurrera, aukera paregabea zuzeneko musika emanaldie buruz gehiago jakiteko.

Abenduaren 15ean, ostegunean, Euskal Herria Sozialistaren eskutik, hitzaldia egongo da 18:00etan "Kapitalisten erasoen aurkako kanpaina" azaltzeko, benetan gai egokia Gabonen atarian.

Gabon bezperarako, urtero legez, presoen eskubideen alde gabon kantak kantatzera aterako dira gaztetxetik.

Urtea amaitu aurretik, Ordizian horrenbesteko tradizioa duen San Silbestrea korrituko da, eta lasterketa herrikoi horretan Gaztetxearen 25. urteurreneko kamiseta morea soinean jantzita eramateko deia egin du Ordiziako Gazte Asanbladak.

Hori urtea bukatzeko, baina 2012ari ongietorria egiteko, urtarrilaren 1ean 00:30ean brindisa egingo da Gaztetxean euskal gazteriaren alde.