Egin dezagun bidea ekimeneko taldeak bideoa grabatuko du Ordizian

Askatasun ahotsa

Urtarrilaren 7ko manifestaziorako hilabete baino gutxiago geratzen denean, Ordizian ere ahalegindu nahi dugu benetan kolosala izan dadin. Atxikimendua emateko www.kolosalaizangoda.info helbidean sartu baino ez duzue. Baina, gainera, atxikimendua bestela ere agertu nahi duen ordiziar oro, bideo batean parte hartzera animatu nahi dugu.

Bideoan agertuko garenok eta atxikimendua eman dugunok zera eskatzen dugu: presoak Euskal Herrira ekartzea, Parot doktrina bertan behera uztea, kondenaren hiru laurdenak beteak dituzten presoak askatzea, gaixo larriak etxeratzea eta horren larri ez daudenak egoki artatzea, eta oro har, espetxe politika konponbiderako giltzarri izatea. Hau da, estatuek preso dauden herritarren giza-eskubideak bete ditzaten eskatzen dugu.

Zuk ere bideoan agertu nahi baduzu (ez da goiko bideoan bezala, dantza egingo...), hauexek dira horretarako hitzorduak:

Osteguna, hilak 15

 

  • 13:15 tabernariak eta dendariak elkartuko dira plazan.
  • 16:00etan plazan izango dira baita ere udal-langile eta zinegotziak.
  • 17:00etan Barrenan irakaskuntzako langileak.
  • 17:30ean Barrenan Hizkuntza Eskolako ikasleak.
  • 18:00etan Barrenan osasungintzako langileak.
  • 19:00etan Barrenan preso izandako, senide eta presoen gertukoak.
  • 20:00etan, baita ere Barrenan alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak.


Ostirala, hilak 16

  • 16:30ean Koiote tabernaren inguruan Zaharren egoitzako langileak izango dira.
  • 17:30ean frontoian herriko kirolariak.
  • 18:00etan Gaztetxean gaztetxekoak.
  • 19:30ean Barrenan ekimen kulturaletan aritzen direnak.
  • 20:00etan Barrenan musikariak.


Ordutegiei edo taldeei egoki ez baderitzezu, bideo-grabazioan parte hartzeko deialdi irekia, larunbatean, hilak 17, eguerdiko 13:00etan izango da herriko plazan. Bertan, giza-eskubideen aldeko aldarrikapen honekin bat egin nahi dugun guztiok izango dugu agertzeko aukera.

Bide batez, adierazi nahi dugu egin dezagun bidea ekimeneko Ordiziako taldearen hirugarren batzarra, datorren larunbatean, hilak 17, goizeko 11:00etan izango dela Barrena jauregian. Animatu eta azaldu, zertan ari garen jakiteko, eta nola ez, baita ekarpenak egiteko ere.

Bukatzeko, gogoratu, ostiralean, hilak 16, hasita, bigarren eskuko produktuen elkartasun-denda izango dela plazan.