Gauzak aldatu ditugu parte hartzeko, parte har dezagun, gauzak aldatzeko

EH ezkerretik eraikiz

Hitzek badute esanahia. Baina, esanahi bakarra? Gauza bera al da duintasuna eta justizia hitzak entzutea Rosa Diezen ahotan eta euskal preso politikoen amen ahotan? Gauza bera al da demokrazia hitza Lopezen eta Arnaldo Otegiren ahotan? Eta parte-hartzea Santamaria edo Dubreuil eta, esaterako, Oiangu Bizirik plataformako kide baten ahotan? Nola ulertzen dute parte hartzea BILDUk eta Ordiziako Udal berriak?

Hitzen esanahia ez da bakarra eta testuingurutik kanpokoa. Demokrazia, justizia, askatasuna, giza eskubideak, parte hartzea… hitzen esanahia erabiltzailearen, diskurtsoaren eta atzean den intentzioaren araberakoa da. Euskal Herriaren kasuan, Estatuek, haiekin aliatuta ibili diren alderdiek eta hainbat komunikabidek, hitz horiek erabilita helburu izan dute sufritzen dugun zapalkuntza eta ukazio egoeraren sustraiak ezkutatzea. Eta horregatik, batzuetan guk geu horietako hainbat hitzekiko oso urrun sentitu gara.  Baina gure helburu eta praktikak oso bestelakoa izan behar du. Hitz horiek berreskuratu, diskurtsoak eraiki eta praktikara eraman behar ditugu.

Hitzak edukiz hustu eta agintari autoritario eta ez-demokratikoen tresna bihurtzen direla frogatzen duen adibide garbia izan dugu Ordizian ere. Izan ere, aurreko agintaldian PSOEk eta PNVk ahalegin bereziak egin zituzten parte hartzea hitza beren diskurtsoetan sartzeko, Parte Hartze Delegazioa osatzeko eta hainbat ekimen burutzeko. Noiz ordea? Bada, batetik ezker abertzalea legez kanpo zegoenean eta ehunka ordiziarrek ukatuta zutenean ordezkaritza politikoa izatea eta parte hartzea, eta bestetik, Oianguren proiektua inposatu zutenean eta parte hartze prozesu bati ateak behin eta berriro itxi zizkiotenean. Gainera, oso garbi geratu zen beldur handia ziotela benetako parte hartzeari (itxurak egin ezker abertzalearekin, akten kopiak pasaz, baina erabaki guneetatik eta hainbat batzordetatik baztertuta; Oianguren kasuan, erabat ateak itxi herritarren parte hartzeari;  batzordeak edukiz hustu eta ez eskumenik aitortu, ez konpromisorik agertu haietan hartutako erabakiak aurrera ateratzeko; “galeria” eta prentsari begira jardun…).

Orain berriz, Udalaren osaketa berriarekin, BILDUren gobernuak parte-hartze hitza edukiz bete nahi du. Eduki horien artean, nagusienak informazioa eta erabakietan parte hartzea dira. Horretarako, ordea, benetako mekanismo eraginkorrak jarri behar dira. Eta horretan aritu da Udala buru belarri sei hilabeteotan,  batzordeetan, auzoetan eta Hartu hitza, piztu Ordizia! ekimenaren bidez (informazio osoa hemen).

Orain parte hartzeko mekanismoak finkatuta egonik, ezker abertzaleak ere azpimarratu nahi du parte hartzeko kanal horiek bete egin behar ditugula. Eta horretarako deia egin nahi diegu bereziki sentsibilitate ezkertiar eta abertzaleko ordiziarrei. Hauteskundeetan BILDUren tsunamia gertatu zen. Indar izugarria mugitu zen. Orain indar hori guztia kanalizatu eta eraginkor bihurtu behar dugu. Herritarrek eta herri mugimenduek parte hartzeko gauzak aldatu ditugu eta botere guneak hartu ditugu. Gauzak eta boterea benetan aldatzeko, ezinbestekoa da parte hartzea.