Olentzero aurrera!

Ordizian bertan

Geureak ez diren bestelako ospakizun eta protagonista batzuei lekua eginez,  gure herriko historia, nortasuna eta mitoak ahantzarazi nahi izan dizkigute, baina, hamaika oztoporen gainetik, Euskal Herriko hainbat herrietan aurrera egin du Olentzeroren antolakuntzak.

Gogoan izan, behin Aresoko herrian zebilela bahitu egin zutela edota beste batean Iruñerrian ongi etorria ematera hurbildu zirenek jasan zituzten jazarpen eta kolpeak.

Gure herrian urtero bezala Olentzeroren antolakuntzari tinko jarraitzen diogu eta aurten inoiz baino indar gehiagoz gainera! Makina bat urtetan, bakarrik etorri da gure ikazkina haurren nahi eta desioak ezagutzera, baina aurten Mari Domingirekin batera Abenduaren 24an Ordiziako kaleetan izango dugu.

Esan bezala, herrian bultzada berezia eman nahi diogu gureak ditugun pertsonaia hauek behar bezalako ongietorri beroa izan dezaten eta hori dela eta, ordiziar guztiak baserritarrez jantzi eta kalera atera daitezen deia zabaltzen dugu.

Larunbatean arratsaldeko 17:00tan Aranatik aterako dira Olentzero eta Mari Domingi herriko musikari eta dantzariek lagunduta eta herria zeharkatu ondoren, harrera Plaza Nagusian izango da. Etxetik hainbat kilometrotara dauden herritar ugari daude eta Hator Hatorren doinuaz herrian beharko genituzkeen ordiziar guztiak gogora ekarriko dira.

Abenduaren 24aren ondoren, badute beste data garrantzitsu bat gure gabonetako bikote honek: Urtarrilaren 7an bidea eginez, eurak ere Bilbon izango dira! Olentzero eta Mari Domingirekin ere kontatu!