Dispertsioaren ondorioak mintzagai Ordizian

Askatasun ahotsa

Ostiral honetan, abenduaren 30ean, Km-0 Dispertsioaren hamaika aurpegi proiektuari buruzko hitzaldia emango da Barrena Kultur Etxean, arratsaldeko 18:30ean. Josu Trueba Leiva proiektuaren egileak 2008tik hona lantzen ari den proiektua azalduko digu.

Km-0: Dispertsioaren hamaika aurpegi proiektu dokumentala da. Euskal preso politikoen senide eta lagunek hainbat kartzelatara egin behar dituzten bidaietako bizipenak azaltzen ditu. Senide eta lagun horiek, astero-astero, 1.233 kilometro egin behar dituzte, batez beste, espetxeratutakoak bisitatzeko asmoz.

Km-0 proiektuaren helburu nagusia gizarteko arlo guztietara dispertsioa eta bere ondorioak zeintzuk diren zabaltzea da. Horretarako, preso politikoen senide eta lagunek bizi duten errealitatearen berri ematen duten testigantza-irudiak zabaldu dira gune publikoetan, kalean, helburu nagusia baita batzuek ezkutatu nahi duten errealitatea pertsona orori ikusaraztea.

Horretarako, erabilitako lengoaia nagusia argazkilaritza izan da. Josu Trueba Leiva argazkilariak bidaia luzeetan zehar egindako argazkiak bildu eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan jarri dira. Kale-erakusketak erabili dira dispertsioaren ondorioak aski ezagutzen diren guneetatik at ateratzeko eta, horrela, eztabaida gizarteko arlo ezberdinetara hedatzeko.

Horrez gain, Km-0ren web-orria ere jarri da martxan, eta bertan daude ikusgai proiektuaren nondik norakoak, baita kale-erakusketen harira sortu diren beste ekimenak ere, hala nola, Durangon ekainaren 5ean egindako aurkezpena, hedabideetan egindako elkarrizketak, etab. Autogestioa oinarri duen proiektua da eta Etxeraten babesa jaso du.

Proiektuari buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu proiektuaren web-orria: www.km-0.net.