Urtea amaitzear, urtea betetzear

Ordizian bertan

Ez da urtea pasa urtarrilaren 31 hartatik, baina urtea amaitzear dugun honetan, atzera begiratu eta ordiziarrok bizi izan ditugun hainbat egoeraren berri emateko tresna ezin hobea dela konturatu gara guztiok. 2011ri agur esan aurretik, urtea Euskal Herri mailan ez ezik, Ordizian ere oso emankorra izan da, horren adibide www.ordiziakoahotsa.net webgunea bera.

 

Albiste ikusienak

Ordiziako Ahotsako albiste ikusienak Egoera politikoa eta Gazte eta aske atalei dagozkienak dira. Lehena gure proiektuarentzat arrakasta da, argi uzten baitu gure webguneko irakurleek politikarekiko interesa agertzen dutela. Gazteen kasuan, berriz, bi arrazoi argi ditugu: komunikazio-tresnaren baitakoa, Internet gehiago erabiltzen dute gazteek, eta herri-mugimenduaren baitakoa, Ordiziak Gaztetxe mundiala du, oso aktiboa eta konpromiso maila altuarekin.

  • 2011n gehien ikusi den albistea (2.534 ikustaldi) apirilean Legorretako Esnaola anaiak atxilotu (2011ko apirilak 12) eta iluntzeko manifestazioa galarazi zutenekoa da; albistean bideo bat jarri genuen eta Gara aldizkariak gure webgunera esteka jarri zuelako izan genituen hainbeste ikustaldi. Esan behar da, Ordiziako ahotsarentzat lorpen handia izan zela, martxan jarri eta hiru hilabetera Euskal Herri mailako proiekzio zabala lortu genuelako kazetaritza-lana (egoera bidegabe batean parte hartu, albistea idatzi eta bideoa egin). Gainera, atxiloketa horien jarraipena egin genuen: Igor Esnaola askatu dute, Aitor Esnaola eta Lander Etxeberria gogor torturatu dituzte inkomunikazio aldian...
  • Ordiziakoa ez, baina Goierrikoa den beste herri-mugimendu batek ere erabili zuen plataforma hau bere lanaren berri emateko. Horretan ere, Ordiziako ahotsaren taldeak egin dezakeen zabalkunde-lanaz gain, herri-mugimenduak bere baliabideak erabiliz, webgune honetan argitaratutako albistea astintzea ere oso garrantzitsua da. Hala, Nazioen mundua taldeak webgunerik ez izan, bere Facebook-eko orritik eta dituen helbide elektronikoak erabiliz, taldeak egindako deialdiarekin egin genuen albistea zabaldu zuen, gure webgunera jende andana erakarriz: Autodeterminazioa aldarrikatzeko mosaiko jendetsua antolatu du Nazioen Munduak Larraitzen (1.365 ikustaldi, ekainak 7). Deialdi haren bideoarekin ere egin genuen albistea: Euskal Herriko Highlandetik nazioen mundura (azaroak 16).
  • Herritarren partaidetza zuzenerako hainbat bide jarri bagenituen ere (Herritarren salaketa, inkesta...), azkenean bakarra izan da benetan funtzionatu duena, Iritziak atala. Zaila da, ez gaude ohituta gure ideiak hartu, txukundu, sintetizatu eta orri zuri baten aurrean jartzera. Hori dela eta, kolaboratzaile fin batzuk izan ditugu urte osoan zehar. Bi neska gazte izan ditugu aurtengo "rebelazio": Oihana Arratibel eta Uxue Urzelai. Iritzi-artikulu horiek, oro har, sarrera eta ikustaldi izugarri pila izan dituzte eta horrek esan nahi du, nahiz eta idatziak luze xamarrak izan eta irakurtzeko ohitura galtzen ari den, artikuluei aurpegiak jartzen dizkiogunean, jendeak jakin nahi izaten duela pertsona horiek zer esaten duten. Hau da, eztabaida sozialerako tresna izugarria izan daiteke iritzien atala, baina horretarako, pertsona gutxi batzuren konpromisotik, multzo zabalago baten esfortzura pasatzeko bidea egin beharko genuke. Edonola ere, Aitor Asurmendi, Julen Agirre, Beñat Otegi, Eñaut Gereñu eta Galparren ekarpen baliotsuak ere azpimarratu behar ditugu. Ba al dakizue zein izan den iritzien artikuluen artean irakurriena? Julen Agirreren Puerto de Santa Maria 1940 artikulua 1.153 ikustaldirekin. Artikuluarekiko interesak Ordizia, Goierri eta Gipuzkoa gainditu zituen, Euskal Herri mailan segituan hedatu baitzen.
  • Kazetaritza-lanetan arituaz aditu bihurtzen ere hasiak gara. Taldeko profesionalek ez dute lan makala egin gainerakooi erakutsiz. Horren adibide dugu herriko hainbat ekitaldiren berri emateko sortutako taldetxoak: argazkilariak, bideo-kameralariak, idazteaz arduratuko direnak, titular ikusgarriak pentsatuko dituztenak, albistea "astintzen" jakingo dutenak... Martxoaren 6an eginiko Herriaren pasea jaso eta entsegua egin du Ordizia Rugbyk albistea (997 ikustaldi) adibide garbia dugu. Bi pertsona argazkiak ateratzen, beste bi bideoak grabatzen, beste bat albistea idazten, beste bat titularra asmatzen, beste bat albistea astintzen eta beste bat guztia koordinatzen, guztira zortzi pertsona Ordizian sekulako eragina izan zuen egunaren bueltan lanean.
  • Titularrak zer izaten diren... "Gizon batek kosk egin zion txakur bati Ordizian" albistearen kasuan (949 ikustaldi), titularra bera izan zen Euskal Herri mailan hainbat eta hainbat irakurle erakartzeko amu... ezin esan irudimenean gabeziarik dugunik...
  • Eta ironia? Hona hemen gure hamaika albiste ikusienen artean azkena baina ez horregatik eragin gutxien izan duena. Ordizian bertan zeresan handia eman baitzuen Santamariaren aldizkariak... "Ordizia gaur", la revista de SM (889 ikustaldi).

 

Kuttunenak

Bakoitzak bere albiste kuttunena, gai kuttunena izango du... baina badira zenbait albiste, zenbait jazoera, gogorarazteko modukoak...

Ekain Mendizabal preso politiko ordiziarra, libre

Mikel Kortak Ordiziako Gaztetxeari emandako erantzuna

 

Bideoak (10.084 ikustaldi youtuben)

Gaur egungo gizartean ikus-entzunezko bideek sekulako garrantzia hartu dute herritarrekiko komunikazioan. Horren jakitun, eta ekipo ezin hobea oinarri, hainbat eta hainbat bideo egin dira urte osoan zehar. Bideoak youtube-n igo ditugu eta gure kanalean jada 35 bideo ikus daitezke. Gogoratuko al ditugu youtuben bertan izan dituzten ikustaldi kopuruen arabera? (gogoratu bideo batzuk albistean bertan ikusten direla).

 

Urtea iruditan (irudietan estekak)

Urtarrila

Otsaila

Martxoa

Apirila

Maiatza

Ekaina

Uztaila

Abuztua

Iraila

Urria

Azaroa

Abendua

Urte berri on!!!