Gartxot filmaren emanaldiak urtarrilaren 13an eta 15ean, Ordizian

Ordizian bertan

Gartxot animazioko film luzea urtarrilaren 13an (22:15ean) eta 15ean (16:45ean) egongo da ikusgai Ordiziako Herri Antzokian. Filmak arrakasta handia izan du eman den zinema guztietan, baina areto gutxitan egon da eta Gipuzkoa mailan, Donostia eta Irun izan dira Gartxoten film luzea eskaini duten bakarrak, beraz, Ordizian jende asko biltzea espero da. Nafarroa Bizirik eta Jentilbaratza taldeen lanari esker izango da filmaren eta liburuaren aurkezpen Ordizian.

Horrez gain, urtarrilaren 13an, Edorta Barruetabeña filmaren gidoilari eta liburuaren idazleak, Aitor Furundarena soinu bandaren moldatzaileak eta Juanjo Elordi Filmaren zuzendari eta ekoizleak hitzaldia emango dute Barrena Kultur Etxean, 19:00etan.

Arturo Campion idazle nafarrak 1917an asmatu zuen Itzaltzuko bardoaren istorioa. Erreinu zaharraren konkista eta akulturazio prozesua azaltzeko, Zaraitzuko (Nafarroa) kondaira ilun bat moldatu zuen, eta, testuari indar sinbolikoa emateko, XII. mendeko Orreagan kokatu zituen Gartxot, Itzaltzuko bardoa-ren gertakizunak. Herriari istorioak kantari kontatzen dizkion gizona da Gartxot; bardoa, alegia. Orreagako abadeari ez zaio gustatzen Gartxoten jarduna, eta deserriratu egingo du, bide batez haren seme Mikelot bahituz, latinez kantatzen duen fraide bilakatzeko asmoz. Planak ez dira, baina, beti pentsatu bezala ateratzen.

Campionen istorioa moldatu dute Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak Gartxot, konkista aitzineko konkista animazioko film luzean. Somugak ekoitzi du proiektua; filmeko musika Benito Lertxundiren kantuak dira, eta Zuberoako aktoreek jarri dituzte pertsonaien ahots gehienak.