Ordiziako Udalak bat egin du euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eskaerarekin

Askatasun ahotsa

Ordiziako Udalak onartu egin du Egin Dezagun Bidearen ekimenez Bilduk aurkeztu duen mozioa eta, hemendik aurrera, euskal presoak etxera ekartzea aldarrikatzen duen banderola egongo da zintzilik udaletxeko balkoian.

 

 

Ordiziako Udalera aldaketa iritsi dela nabarmentzen hasi da poliki-poliki eta gaurkoan beste pauso bat eman da, ordiziarren nahia ordezkatzen duen Udala dugula erakusten duena. Bilduk, gehiengo osoz, onartu egin du Egin Dezagun Bideak proposatu eta koalizio abertzaleak berak aurkeztu duen mozioa, beste kartzela-politika bat aldarrikatzen duena, ordiziarren gehiengo zabalak babesten duena. Bilduko zazpi zinegotziek bozkatu dute mozioaren alde. EAJ, ordea, agerian geratu da beste behin ere, herritarren nahiari uko egin eta abstentzioa emanez. Bost zinegotzi jeltzaleetako lauk parte hartu dute plenoan eta abstenitu egin dira. PSE-EEk, berriz, kontra bozkatu du.

Baina batzar-aretoa jendez lepo zegoenez, denek ikusi ahal izan dute bertan gertatu dena eta agerian geratu dira batak eta besteak hartzen dituzten erabakiak eta duten jarrera.

Hona hemen euskal presoen eskubideen alde aurkeztutako mozioa, osorik:

Gaur, errealitate objektiboa da Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz preso dauden euskal herritarrei erabaki politikoek eragindako neurri bereziak aplikatzen zaizkiela kartzela politikan: epaitegi bereziek epaitzen dituzte, zigor neurri bereziak ezartzen zaizkie, kartzela zigorrak luzatzen zaizkie legeak berak esandakotik haratago, Euskal Herritik urrundu eta erregimen bereziak aplikatzen zaizkie…

Gaur, errealitate objektiboa da Euskal Herrian egoera politikoa aldatzen ari dela. Modu jakin batera edo bestera ulertu Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa, gaur Euskal Herriko eragile politiko eta sozial guztiek onartzen dute funtsezko aldaketak ari direla ematen eta aukera berriak ari direla zabaltzen Euskal Herrian normalizazio politikoa eman dadin.

Gaur, errealitate objektiboa da ETA erakunde armatuaren jarduera eten dela, baina oraindik ez dela lortu normalizazio politiko eta sozialik: ez dira euskal herritar guztion eskubideak errespetatzen; ez dira eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzen; ez da behar bezalako saiakerarik egin gatazkak eragindako modu bateko zein besteko biktimen mina aitortu eta erreparazioan eragiteko…

Gaur, errealitate objektiboa da euskal eragile politiko eta sozial gehienek, eta baita herritarren gehiengo oso zabalak ere, pentsatzen duela posible dela bestelako kartzela politika. Are gehiago, posible ez ezik, beharrezkoa ere badela, batetik, gatazkaren ondorioak humanizatzeko, bestetik, normalizazio prozesua sendotzeko.

Gaur, gainera, Ordiziako Udalean Ordezkaritza duten alderdiek azken aldian egindako adierazpen eta eskaerek, erakusten dute alderdi horiek bat egiten dutela espetxe politika aldatzeko eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskubide eta eskaerarekin.

Gaur, amets egiten dugu bihar oso bestelako egoera bat bizitzearekin. Gatazka politikotik bortxa adierazpen guztiak desagertzearekin, euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatzearekin, bizikidetza normalizatuarekin… Amets hori errealitate bihurtzeko, ordea, hainbat urrats sendo eta ausart eman beharko dira. Herritarrek, eragile sozialek, alderdi politikoek, gatazkaren subjektu guztiek, erakundeek… eman beharko dituzte urratsak. Banaka harturik, segur aski ez nahikoak. Baina denak ezinbestekoak, eta guztiak baturik, konponbide globala ekarriko dutenak.

Horregatik guztiagatik, gaur, Ordiziako Udalari eskaera xume eta sinple hau egiten diogu:

Bat egin dezala euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eskaerarekin, eta eskaera horren lekuko, jar dezala Udaletxeko balkoian eskaera hori egiten duen zapi edo banderola.

Ordizian, 2012ko urtarrilaren 13an.

EGIN DEZAGUN BIDEA