Ordiziako Berdintasun Batzordea indartsu datorkigu martxoaren 8ari begira

EH ezkerretik eraikiz

Emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta berdintasunaren aldeko ekintzak antolatzeko sortu da Ordiziako Berdintasun Batzordea. Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Ordiziako Berdintasun Batzordeko kideek eta Ordiziako Udalak prentsaurrekoa eman dute gaur Martxoaren 8ko Emakumeen Egunari begira antolatu dituzten ekitaldien berri emateko eta Batzordeak lortu duen arrakasta eta egiten dituen aldarrikapenak jakinarazteko.

Azaldu dutenez, emakumeek gizartean duten paperak "aldaketa garrantzitsua" ezagutu du azken urteotan, eta horretarako "ezinbestekoak" izan dira "talde feministak eta emakumeen eskubideen alde lanean jardun duten talde eta norbanakoak".

Hala eta guztiz ere, agerian utzi dute "lan-merkatuko datuek, parte-hartze soziopolitikoak, etxeko lanak egin behar izateak, emakumeen kontrako indarkeriak eta holakoek" oraindik emakumea gizonen azpian uzten dutela.

Hori horrela, Berdintasun Batzordearen garrantzia azpimarratu dute, izan ere, "emakumeen talde berriak ari dira sortzen, eta horri esker bizitza publikoan eta erabakitze-postuetan sartzeko aukera" ematen ari zaie emakumezkoei.

Helburu horrekin sortu omen da Ordiziako Berdintasun Batzordea, "emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta arlo publikoan emakumeen presentzia areagotzeko".

Aldarrikapenak

Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira, gogoeta eta aldarrikapen batzuk azaldu dituzte. Besteak beste, "berdintasuna lortua dagoenaren irudi faltsua" salatu nahi izan dute, horrek "mugimendu feministen bidezkotasuna bertan behera" uzten baitu. Krisiak emakumeengan izan duen eragina ere gaitzetsi dute, egoera horrek emakumeak "betiko rola betetzera bideratu nahi baikaitu".

Hori horrela, erakunde eta administrazio publikoari "benetako konpromisoa" eskatu diote, "patriarkatuan oinarritutako sistema honi irtenbidea jartzeko pausuak eman ditzaten".

Era berean, herritarrei "elkarlanerako gonbitea" egin diete, "erakundeei hartutako konpromisoak gogorarazteko, jarraipena egiteko, eta denen artean diskriminazioaren aurka eta berdintasunaren alde lan egiteko".

Martxoaren 8aren inguruko ekitaldiak

Emakumeen Egunean eta baita ondoren ere hainbat ekintza antolatu dituzte Berdintasun Batzordea osatzen dutenek.

Ez dute ahaztu nahi izan, oztopoak oztopo, "emakumeen lanaren ondorioz lortutako aurrerapausoak goraipatzeko eguna" dela eta horregatik, ospatu egin behar dela.

Hasteko, martxoaren 2an "Arrautza kontua" eskainiko du Urrup antzerki-talde ordiziarrak doan Herri Antzokian. 22:15ean izango da emanaldia.

Jubilatuenean ere izango da zer ikusi. Martxoaren 5ean bideoforuma egongo da bertan, 80 egunean bi emakume adinduen amodio istorioari buruzko filmarekin.

Bestalde, Medicus Mundiren eskutik "Eskubide sexualak eta ugaltze eskubidea" izeneko erakusketa egongo da ikusgai Barrenako beheko solairuan martxoaren 5etik 16ra.

Emakumeen egunean, martxoaren 8an, Ordiziako Emakumeen herri-afaria antolatu dute. 19:00etan poteoa hasiko da Olano tabernan eta gero afaria egingo dute Boxin elkartean. Afarira joateko tiketak 13 euro balio du eta Majori Kiroldegian, Barrenan, Herriko tabernan, Kirkil tabernan, Pottokan eta Aldasoron egongo dira salgai.

Gazteek ere parte hartuko dute

Gazteek berdintasunaren aldarrikapenera gerturatzeko, martxoaren 10ean Ordiziako Gaztetxean kontzertuak izango dira Las Culebras talde iruindarraren eta Starblues ordiziarraren eskutik. Gainera, martxoaren 21ean, Gaztetxean bertan, Pinks Aris filma emango dute eta talde dinamikak antolatuko dituzte.