Olaztiko porlan-enpresan egin nahi duten errausketaren inguruko hitzaldia

EH ezkerretik eraikiz

Olaztiko Cementos Pórtland Valderrivas enpresak porlana sortzeko duen jardueraz gain, bertan hondakinak errausteko proiektua jarri nahi du. Horren inguruan hitz egingo da, datorren martxoaren 21ean, 19:30ean, Beasaingo udal areto nagusian.

Errausketa hondakinak tratatzeko modurik arriskutsuena izateaz gain, luzera begira ez da jasangarria. Gure osasunarentzat erabat kaltegarriak diren jario kutsatzaileak eta toxikoak sortzen ditu (metal astunak, dioxinak, furanoak, berotegi efektua sortzen duten gasak, gas azidoak…) eta  jario hauek asma, bronkitisa, arnas eta zirkulazio aparatuko gaixotasunak, eta minbizia bera ere sortaraz ditzakete.

Jario hauek ez dituzte Europa zein mundu mailako konpromisoak eta gomendioak betetzen: Ez Estokolmoko hitzarmena, ez Osasunerako Mundu Erakundearen irizpideak ezta Pariseko Deialdia bezalako NBEren (Nazio Batuen Erakundea) beste hainbat ekimen eta jakinarazpen ere.

Porlan enpresek, “energiaren balorazioa” bezalako eufemismoak, errausketak gure osasunean, natur baliabideetan, elikagaien segurtasunean eta inguruko Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako bailaren ekonomian izango duen eragin lazgarria ezkutatzeko erabiltzen dituzte.

Errausketak pertsonekiko, animaliekiko, landareekiko, airearekiko eta urarekiko dituen eta konponezinak diren arriskuez ohartarazten duen manifestuaz gain (33.000 baino mediku eta zientifiko gehiagok Europako Parlamentuan estatuetako gobernuei aurkeztu zietena) 2008ko ekaineko British Society for Ecological Medicineren ondorioak ere gogora ekarri nahi ditugu: “Porlan labeek  osasunerako oso kaltegarriak diren ondorioak sor ditzakete. (…) Baimena emate hutsa harritzekoa da, eraginik handiena, halabeharrez, jendarteko pertsonarik ahulenek jasango baitute”.

Esandakoaz gain, ezin aipatu gabe utzi ezaugarri hauek dituen proiektu honentzat aukeratu den kokagunea ere ez dela inondik inora egokia. Nafarroako hondakinen kudeaketa planak berak ere ez du gune honetan errausketarako edo “energiaren balorizaziorako” enpresarik aurreikusten. Herritik hain gertu egoteaz gainera eta lehen sektorean izango duen eraginaz aparte, babesturik dauden Urbasa-Andia Parke Naturala, Aitzkorri-Aratz, Aralar eta  Natura 2000 Sarean dagoen Entzia guneak inguruan ditugula esan behar dugu. Halaber, bereizgarri eta kalitazteko izendapenak (Reino Gourmet, Eusko Label, jatorrizko deiturak, babestetuko zonalde geografikoak, ekoizpen ekologikoak,…), akuifero zein urtegiak (Urdalur, Urederra, Arteta, Arbara, Itxako, Cuenca del Zadorra, Iturbeltz,…) eta pertsona askoren etxeetara iristen den uraren iturburu kopurua ere ezin ahaztu.

Informazio gehiago. Goierriko taldearekin harremanetan jartzeko: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu .