Pakitoren 20 urteko espetxealdia salatzeko manifestazioa, ostiralean

Askatasun ahotsa

Ordiziako Herrira mugimenduak manifestazioa deitu du martxoaren 23rako, 20:00etan, Plaza Nagusitik abiatuta, Pako Mujika preso ordiziarrak martxoaren 29an 20 urteko espetxealdia beteko duela salatzeko.

 

 

Martxoaren 29an herriko preso Pako Mujikak 20 urte beteko ditu preso eta Ordiziako Herrira mugimenduak prentsaurrekoa eman du 20 urte horietan preso ordiziarrak bizi izan duena salatzeko eta ostiraleko manifestazioa deitzeko.

Azaldu dutenez, Pakitok 20 urteak "herritik urrun eta asko eta asko bakartuta" eman omen ditu. Gogora ekarri dutenez, lehenengo urtea Fresnesen egin zuen preso, isolamenduan eta etxetik 800 kilometrora. "Gose greba egin behar izan zuen isolamendutik modulura eraman zezaten. Baina moduluan ere bakarrik egon zen, han ziren gainerako preso euskaldunak ikusi ere egin gabe".

Era berean, "epaitu aurreko lehen lau urteetan ez zioten lagunen bisitarik onartu, eta ondorioz, etxekoak baino ezin izan ziren joan". Gainera, garai hartan "Frantziako kartzeletatik ez zegoen telefonoz deitzerik, epaitua izan arte".

Lehenengo lau urteak pasatuta, Moulinsera eraman zuten, eta bizi-baldintzek "hobera egin zuten zertxobait: lagunen bisitak jasotzeko aukera izan zuen, telefono-deiak egitekoa...".

Han 8. urtera arte egon zen, espainiaratu zuten arte. Estatuan preso egon zen lehenengo hiru urteetan Soto del Realen egon zen eta gero Puerto de Santa Marian sartu zuten lau urtez.

Azken urteak Zaragozako Zuera espetxean eman ditu preso eta azken hilabeteotan baldintzek "okerrera" egin dutela salatu dute, izan ere, "janari eskasagoa, kirola egiteko aukera gutxiago, korrika egiteko eremua murriztu diete".

Herrira Mugimenduaren aurkezpena

Ostiraleko manifestazioa deitzeaz gain, Ordiziako Herrira mugimenduak bere burua aurkeztu du ordiziarren aurrean.

Egin Dezagun Bidea ekimenaren lanaren ondorioz sortutako mugimendua dela azpimarratu dute eta "Amnistia" dela "iparra", eta preso eta iheslariak etxeratzea "eginkizuna".

Horren harira, argi adierazi dute helburu horrekin egingo dutela lan eta horregatik elkartu direla, "ez egitasmo politiko jakin batengatik".

Puntuz puntu, Herrira mugimenduaren helburuak zeintzuk diren ere azaldu dute:

 

  • Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea: dispertsio politikari amaiera emanez; gaixorik diren presoak aske utziz; bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak indargabetuz, hala nola, 197/2006 dotrina derogatuz, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak aske utziz, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta azkenik, isolamendu, mittard eta bakartze egoerei amaiera emanez.
  • Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera eta bideak indarrean jarriz.
  • Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari.
  • Preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.

 

Hori horrela, helburuekin bat egiten duten ordiziarrei Herrira mugimenduan parte hartzeko eta ostiraleko manifestaziora joateko deia egin diete, bakoitzak "ahal duen neurrian: bi hilabetez behin antolatzen ditugun batzar irekietara etorrita eta zure iritziak plazaratuta, antolatzen ditugun ekimenetan parte hartuta...".