PNVren eta PSOEren oposizio arduragabe, demagogiko eta nahastailea

Udal txinpartak

Martxoaren 27ko Osoko Bilkuran onartu zituen Udalak 2012ko aurrekontuak, BILDUren aldeko botoekin, eta PNV eta PSOEren aurkakoekin.

 

 

Izaro Intsausti Ogasuneko zinegotzi delegatuak aurrekontuak azaldu ondoren eman zen eztabaida argigarria izan zen. Batetik, ikusi zelako zein den PNV eta PSOEren oposizioa. Igor Eguren alkateak Santamariaren jarrera salatuz esan zuen moduan, "arduragabe, demagogiko eta nahastailea". Eta bestetik, argi geratu delako PNV eta PSOE ezezko jarreran kokatu direla agintaldi osorako, inolako ekarpen positiborik egin gabe. Agian gai honetan ere (zaborren gaian bezalaxe), erabakita izango dute etxeetako postontzietan gezurrak edo informazio manipulatua zabaltzea, bazterrak nahasteko asmoarekin. Baina Osoko Bilkuran garbi geratu zena izan zen eztabaida publiko batean eta argudioak mahai gainean jarrita, ezer gutxi dutela esateko.

PNVren argudioak aurrekontuei ezezkoa emateko

Izaro Intsausti Ogasuneko zinegotzi delegatuak 2012ko aurrekontuak (aurreko berri batean web honetan agertutakoak) azaldu ondoren PNVko Jose Migel Santamariak hitza hartu zuenean, gauza benetan harrigarriak entzun ziren aretoan. Aurrekontuei eman behar zioten ezezko botoa nolabait justifikatu behar zituen, jakina, baina harrigarria izan zen PNVren ahotan halako argudioak entzutea.

Hara PNVk aurrekontuei ezezkoa emateko argudiatutako arrazoi nagusienak:

1.- Langileen balorazioaren aurka daudelako.

2.- Udalaren zorpetzeak gora egiten duelako eta kezkagarria delako sarrera eta gastuen arteko marjina soilik 5.000 eurokoa izatea.

3.- Anbizio eta proiektu falta dagoelako, eta inbertsioetan jasotzen direnekin erabat ados ez daudelako (Oiangurako espaloia, Nadalen lokalak kultur ekipamenduetarako, Goiekiri eros dakiokeen lokala biltegirako…).

4.- Azokaren 500. urteurrenaren ospakizunak direla eta, aukera galdu delako laguntzak jasotzeko eta lehen sektoreari bultzada emateko.

5.- Lanbideren enplegua sustatzeko planak sei hilabetetako 16 lanpostu onartu dituelako eta ez 30 aurreko agintaldian bezala; despidoak egongo direlako D´elikatuzen eta kirol arloan; eta azpikontratazioak egiten dituelako.

6.- Eguneko zentroan plaza pribatuak eskaintzen direlako, soilik ordain dezaketenentzat.

Alkatearen erantzuna PNVko Santamariari: arduragabe, demagogiko eta nahastaile

Alkatearen erantzuna berehalakoa eta tinkoa izan zen, eta PNVren jarrera arduragabe, demagogiko eta nahastailea salatu zuen. Hasteko, argitu zuen alderdiekin hiru bilera ospatu zirela aurrekontuen zirriborroa azaldu eta proposamenak jasotzeko, baina Santamaria bakarrera agertu zela, eta soilik hamabost minutuz. Eta segidan banan banan erantzun zien PNVk egindako kritikei, argudio politiko eta datuak erabiliz. Hain modu tinkoan, ze Santamariak derrigorrean isildu beste erremediorik ez zuen izan.

Alkatearen puntuz puntu kritika guztiak baliogabetu zituen, besteak beste honako argudio hauek erabiliz:

1.- Langileen balorazioa. Aurreko agintaldian onartu eta agindu zuten, nahiz eta ondoren, espero ez zituzten emaitzak ikusitakoan, aurka agertu (hori bai, pribatuan, baina ez langileen aurrean). Udal Gobernu honek aurretik hartutako erabaki bat burutu besterik ez du egin, eta batez ere ikusten zuelako hogei urte baino gehiagotan lanpostuen balorazioa begiratu gabe zegoela, eta Ordiziako langileen soldatak inguruko eta antzeko neurriko udalekoen aldean dezente baxuagoak zirela.

2.- Sarrera-gastuak marjina eta zorpetzea. Kezka nagusiena aurrekontuak prestatu dituen taldeak du. Horregatik sarrerak ia 500.000 euro gutxiago direnean, gastu arrunta murriztu da (politikarien soldata eta asignazioak, propaganda eta publizitatea…), eta estrategikotzat jotzen diren ataletan mantendu edo areagotu (ongizatea, euskara, berdintasuna, migrazioa, partaidetza…). Zorpetzeari dagokionean, bestelako egoera batean posible izan da aurrera egitea zorpetzea areagotu gabe. Orain, zorpetzea %4 ingurura igoko da, modu arduratsu eta kontrolatuan, eta Ordizia zentzuz eginez jarraitzeko helburuarekin.

3.- Anbizio eta proiektuak. Udal egungo egoran arduratsu ez ezik, anbizioso ere jokatu du. Batetik, politikoki hainbat berrikuntza dakartzan egitasmoak dauzka (parte hartzea, berdintasuna, zaborraren kudeaketa, irisgarritasuna…). Bestetik, krisi garaiotan inbertsio estrategikoak burutuko ditu. Esaterako, Nadalen kultur ekipamenduak herriko taldeentzat, biltegi berria erostea (gainera, urtean alokairutan 50.000 euro aurreztuko dira); Oiangurako espaloia Garbiguneko obrak aprobetxatuz… Ze kuriosoa izan zen Santamariak esatea espaloi hori burutuko dela Oianguko prozesu parte hartzailearen emaitzak ezagutu aurretik. Azala behar du gero!

4.- Azoka 500. Segur aski aukera galdu da, bai, baina ospakizun faraonikoetan dirua xahutzeko aukera. Udal berriak lan egiteko modu berriak ezarri nahi ditu, modu errealista eta eraginkorrean, gastua kontrolatuz eta herritarren parte hartzea bultzatuz. Ospakizunetan bezlaxe, sustapenean. Eta kasu honi dagokionean, ahaztu gabe helburu nagusiena lehen sektorea eta azoka sustatzea dela, eta oraingo honetan, baserritarrak omentzea.

5.- Lanpostuak eta azpikontratazioa. Lanbideko sustapenari dagokienean, egia da aurreko agintaldian baino 14 langile gutxiago onartu dituztela (portzierto, eskaera aurrekoek kudeatu zuten), baina arrazoia segur aski krisia izan da. Eta Udalaren kudeaketari esker langileak zuzenean kontratatu dira, bitartekaririk gabe eta gehiago kobratzen. Gai honi lotuta, esanguratsua izan zen Santamaria ikustea ezin justifikatu aurreko kontratazioak egiteko gastatu ziren 20.000 euro. D´elikatuzi dagokionean, Udalak aztertu egin behar du haren funtzionamendua, eskaintzen dituen zerbitzuak, eta sarrera eta gastuak. Eta badirudi datuak esku artean, eta bizi dugun egoeran, guztiz beharrezkoa dela hausnarketa hori egitea.

Kirol teknikariari dagokionean, PNVri gogorarazi egin behar izan zitzaion kiroletarako kontratatu arren, lanaldia osatzeko funtziorik ez zitzaiola eman, eta horregatik gazteria saileko lanak eman zitzaizkiola, jada horretaz arduratzen den langilea badugun arren. Orain, bere funtzioetara egokitu besterik ez da egin, lanaldi erdiz.

Azkenik egia da hainbat azpikontratazio mantenduko direla. Horren inguruko hausnarketa sakona egin nahi du Udalak. Baina momentuz Rajoyren dekretuak ezinezko egiten du pertsonalaren kontratazioa eta lanpostu publiko deialdiak ateratzea.

6.- Plaza pribatuak eguneko zentroan? Badira bi plaza oraindik homologatu gabe daudenak, baina itxaron zerrendan 7 pertsona izanik, erabaki zen horiek hutsik eduki beharrean betetzea. Erabiltzaileek diru laguntza jasotzeko aukerak badituzte, eta Udala ahaleginak ari da egiten plaza horiek baino gehiago ere homologatzeko. PSOEen proposamen zentzugabeak ezezkoa justifikatzeko.

Alderdi sozialistako zinegotziak bai hartu du parte izandako bileretan. Itxuraz interesa agertu du, baina bilera horietan inolako proposamenik egin ez, eta Osoko Bilkura baino egun gutxi batzuk lehenago hainbat proposamen sartu zituen Udalean.

Proposamen horietan 165.000 euroko gastua proposatzen zuen, eta era berean hainbat partidatatik gastua murriztuz edo sarrerak gehituz 165.000 euroko sarrera. Baina nahikoa zen agiriari bistadizo azkar bat ematea, ikusteko ez zela planteamendu serioa eta PSOEren asmoa ez zela onar zitezkeen ekarpenen inguruan hitz egitea, baizik eta beren posizio politikoa justifikatzea, modu baldar eta lotsagabean, gainera.

Diru sarrerak gehitzeko Alderdi Sozialisten proposamenen artean zegoen zinegotzi liberatuari liberazioa kentzea (haiek aurretik komunikaziorako bakarrik pertsona bat, eta partaidetzarako beste erdi bat kontratatuta bazituzten ere); udal aldizkaria ez ateratzea (orain artean ezinbestekoa jotzen bazuten ere, eta orain ia gastu erdia izango badu ere); Hitzari eta Goierri Telebistari laguntzak kentzea ("pribatuak direlako"), Jentil Baratza, Udalbiltza, Nazioen Mundua eta Lodosako Ikastolari laguntzak kentzea; Goiekiko arlo sozialari laguntza kentzea…

Gastuetako proposamenei dagokionean, hainbat ikerketa egitea proposatzen zuen, esaterako Plan Estrategikoa eta Gazte plana (zenbat burutu zituen aurreko agintaldian, eta ondorioak ezagutzera eman ere ez ditu egin?); hainbat kanpaina, esaterako "boluntariadorena" eta bosgarren zabor ontziarena: San Bartolomeko eliza berritzea; etxebizitzak berritzeko eta dendak zabaltzeko laguntzak gehitzea; ongizateko hainbat partida gehitzea… Guztiak zenbaki borobilekin aurkeztuak, baina bat bakarra ere ez planteamendu eta aurrekontu zorrotzarekin egindakoa. Hain zuzen ere, esan bezala, proposamen asmoa ezezko botoa justifikatzea zelako, eta bide batez, behin eta berriro egiten ari den bezala, Ongizatearen arloan presionatu nahi zuelako.

Alkate ordearen erantzuna zinegotzi sozialistari: "Iñaki, tomate un respiro"

Belen Maiza Ongizateko zinegotzi eta alkate ordeak esan zion moduan, zinegotzi sozialistak ez du onartu nahi orain saila beste baten ardurapean dagoela, eta ez alderdi sozialistaren esku, eta informazioa eskatzeko eskubidea badu ere, ez duela inolako eskubiderik langileak akosatzearinoko muturra sartzeko eta hain beharrezko eta sensible den arlo baten erabilera partidista egiteko. Horretara ari baita jokatzen zinegotzi sozialista. Belen Maizak eztabaida gordinen zegoen une batean esan zion moduan: "Iñaki, tomate un respiro".