Igandean, ikurrina bihotzetik balkoira. Eta ordiziarrok, Iruñeara

Egoera politikoa

Aberri Egunak euskaldunontzat esanahi sinboliko eta praktikoa du. Sinbolikoaren izenean, ordiziarrak animatu behar ditugu balkoietan jartzera ikurrina, gure identitate eta borrokaren ikur nagusienetakoa. Praktikoaren izenean, dei egiten dizuegu igandean denok Iruñeara Aberri Egunera joan zaitezten independentziaren aldarrikapena egitera.

Nazio identitate sinboloek komunitate bat batzeko duten indarra ukaezina da. Horregatik, nazio estatuek ederki asko baliatzen dituzte halako tresnak, banderak, mitoak, kirol selekzioak… Euskaldunok izan, baditugu geureak. Batzuk oraindik aitortu gabeak, selekzioak esaterako. Beste batzuk aitortuak. Baina askotan baliogabetuak edo besteen menpe jarriak. Horregatik, etengabekoa izan behar du geure sinboloen, baita ikurrina ere, aldeko ekimenak. Beraz, badakizue, datorren igandean, ahalik eta ikurrin gehien Ordiziako balkoietan.

Sinbolo edo iragan hutsez, ordea, ez da aberria eraikitzen. Sinboloek eta historiak biltzen duten identitate karga guztia proiektu bihurtu eta etorkizunerantz bideratu behar dira. Zentzu honetan, egungo Aberri Egunak esanahi berezia hartzen du. Izan ere, Nafarroako konkistaren 500. eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenak betetzen dira, eta gertaera horiek oroitzeaz gain, herri ukatua izanik, etorkizuneko geure proiektu independentista aldarrikatzeko aukera paregabea izango dugu.

Aurten, Iruñean egingo da Aberri Eguna apirilaren 8an, eta egun osoko egitaraua izango du. Martxa eguerdiko 12etan hasiko da Golemetan eta Sarasate Pasealekuan amaituko da, eta ondoren, bertan izango da ekitaldi politikoa.

Baina ospakizunak segida izango du arratsalde eta gauen zehar Trinitarios-en jarriko den karpan. Bertan antolatuko da herri bazkaria eta, bazkal ostean, adin guztietako jendearentzat ikuskizunak eta jaia. Iluntze eta gauean kontzertuak.

-Egun osoko egitaraua aurrera eramateko bolondres askoren laguntza beharko da, beraz, laguntzeko prest dagoen orok eman izena Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidean.

-Bazkariko txartelak eskura daitezke Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera eskaera bideratuz.