Apirilaren 14an manifestazio nazionala Bilbon Parot Doktrinaren aurka

Auzitegi Konstituzionalak Parot Dotrinaren moduko mendeku eta salbuespenezko neurri bat abalatzeak duen muturreko larritasunaren aurrean, Gernikako Akordioa osatzen dugun alderdiok apirilaren 14ean Bilbon burutuko den manifestazio nazionalaren deialdiaren berri eman nahi dugu. Ordiziatik autobusa 15:30ean aterako da Arboledatik, eta izena emateko, zerrenda Herrikon dago.

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialon iritzian, Parot Dotrina delakoa abalatzen Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakia gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia baino ez da.

Euskal herritarren gehiengo zabal batek Auzitegi Konstituzionalaren erabaki politiko hau gure herriaren bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzen gisa interpretatu duenaren erabateko ziurtasuna dugu.

Estatuko botere eta aparatuek agerian utzi dute berriro ere Euskal Herrian irekiriko agertoki berriarekiko euren borondatea zein den.

Auzitegi Konstituzionalaren erabaki oso oso larri baten aurrean gaude: Biziarteko zigorraren de faktuzko legeztapenarekin.

Estatuak argi utzi du ez duela gatazkaren konponbide politiko eta demokratiko bat nahi.

Estatuak blokeo egoera betikotu nahi du, irekiriko aukera ustel dadin eta horrela, bakea eraikitzeko aukera oro zapuzteko.

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragileok aterabide demokratikoak erdiesteko gure konpromisoan berresten gara. Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa dugu: euskal herritar guztiak garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia.

Horretarako ezinbestekoa deritzogu euskal jendarte osoaren inplikazio eta babesa. Bai eta gaur egun Gernikako Akordioa izenpetzen ez duten eragile horiena. Bide hau guztion artean eta batera egin behar dugu.

Euskal jendartea konponbide prozesuaren parte aktibo izan behar du eta era berean, bere mobilizazioa prozesuaren garapenaren berme izan behar du, Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak jarriko dizkiguten oztopo handien gainetik.