Orain Oiangun aukera dugu, aprobetxa dezagun

Udal txinpartak

Urte luzeetan Udala bera urrutiko erakunde baten moduan ikusi dugu. Erakunde arrotza, interes jakin batzuen kudeatzaile, herritarren iritzi eta beharrei erabat itxita. Eta urte horietan guztietan bestelako erakunde eta bestelako kudeaketa eredua aldarrikatu izan dugu. Azken hauteskundeen ondoren, ordea, gauzak zeharo aldatu dira, baita Ordiziako Udalean ere. Ez bakarrik ezker abertzalearentzat, edota BILDU osatzen duten alderdientzat, baizik eta baita herri mugimendu eta herritar guztiontzat ere. Orain, Oianguren auzian, aukera dugu, eta aprobetxa dezagun. Prozesuaren aurkezpena apirilaren 19an, ostegunean, izango da, 19:00etan Barrena Kultur Etxean.

Ezker abertzalearen azken hausnarketa eta erabaki estrategikoen harian, askotan entzun dugu aro berri batean erakundeak, gune instituzionalak edota botere guneak ezkertiar eta soberanisten esku izateak zein garrantzitsua den.

Hala ere, batzuetan badirudi pentsatu izan dugula erakundeak eskuratzearen helburua zela konponbide demokratikoari begira indar erakustaldia egitea. Eta batzuetan badirudi ez garela jabetu zein garrantzitsua den Udaleko eguneroko jardunean gure estiloa ezartzeak, eraldaketa bera Udaleko kudeaketatik abiatzea. Izan ere, eraldaketa politiko eta soziala egunerokotasunean gauzatzen da, herri bakoitzean bertan ditugun arazo eta beharrak beste modu batera kudeatuz.

Horregatik, ezker abertzalearentzat Oianguko prozesu parte hartzaileak izugarrizko garrantzia dauka. Hainbat arrazoirengatik gainera.

Lehenik, herritarren eta Oiangu Bizirik eta Publikoa herri mugimenduaren inguruan bildu izan den eskaerei erantzuna emango dielako.

Bigarrenik, Udalak benetako parte hartze prozesu bat martxan jarriko duen lehen aldia delako. Eta jakina, prozesu honetan bai Udalak, baita herritarrok ere, asko dugu ez bakarrik aportatzeko, baizik eta baita ikasteko ere.

Hirugarrenik, prozesu hau ongi bideratzen asmatzen badugu, Udalaren kudeaketa eredu berria benetan finkatzen joango garelako. Ez bakarrik Oianguren auziari begira, baita aurrera begirako beste hainbat erronkari begira:  aurrekontu parte hartzailea, zaborren kudeaketa…

Ezker abertzalearen ikuspegitik, herri mugimenduen ikuspegitik eta herritar kritiko eta konprometituen ikuspegitik, asko dugu jokoan. Oianguko auzia bezalaxe, beste hainbat ere garrantzitsuegiak dira soilik Udalaren esku uzteko. Jabe gaitezen horretaz, eta parte har dezagun. Jabe gaitezen indarra eta aukera herritarron esku dagoela.