Olaztiko errauste plantaren inguruko dokumentala, Gaztetxean

EH ezkerretik eraikiz

Apirilaren 27an,19:00etan, Olaztiko errausgailuaren inguruko dokumentala proiektatuko dute Ordiziako Gaztetxean. gaur egun zaborren kudeaketa puri purian dagoen gaia da eta Gaztetxeak bere ekarpena egin nahi du errauste plantei buruzko dokumentala eskainiz.

 

 

Errausketa hondakinak tratatzeko modurik arriskutsuena izateaz gain, luzera begira ez da jasangarria. Gure osasunarentzat erabat kaltegarriak diren jario kutsatzaileak eta toxikoak sortzen ditu (metal astunak, dioxinak, furanoak, berotegi efektua sortzen duten gasak, gas azidoak…) eta jario hauek asma, bronkitisa, arnas eta zirkulazio aparatuko gaixotasunak, eta minbizia bera ere sortaraz ditzakete.

Jario hauek ez dituzte Europa zein mundu mailako konpromisoak eta gomendioak betetzen: Ez Estokolmoko hitzarmena, ez Osasunerako Mundu Erakundearen irizpideak ezta Pariseko Deialdia bezalako NBEren (Nazio Batuen Erakundea) beste hainbat ekimen eta jakinarazpen ere.

Portlan enpresek, “energiaren balorazioa” bezalako eufemismoak erabiltzen dituzte, errausketak gure osasunean, natur baliabideetan, elikagaien segurtasunean eta inguruko Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako bailaren ekonomian izango duen eragin lazgarria ezkutatzeko.

Errausketak pertsonekiko, animaliekiko, landareekiko, airearekiko eta urarekiko dituen eta konponezinak diren arriskuez ohartarazten duen manifestuaz gain (33.000 baino mediku eta zientifiko gehiagok Europako Parlamentuan estatuetako gobernuei aurkeztu zietena) 2008ko ekaineko British Society for Ecological Medicineren ondorioak ere gogora ekarri nahi ditugu: “Porlan labeek osasunerako oso kaltegarriak diren ondorioak sor ditzakete. (…) Baimena emate hutsa harritzekoa da, eraginik handiena, halabeharrez, jendarteko pertsonarik ahulenek jasango baitute”.

Hondakinen multinazionala den FCC enpresak emandako azken urratsek ez dute adierazten Olaztiko porlandegian martxan jarri nahi duen hondakinak errausteko proiektua baztertzeko inolako asmorik, inguruko zonaldeetako, hau da, Sakanako, Lizarraldeko, Arabako Lautadako edo Goierriko udalek hala eskatu badiote ere.