Biziarteko kartzela-zigorra salatuko dute azken ostiraleko elkarretaratzean

Askatasun ahotsa

Hileko azken ostiralero egiten den moduan, apirilaren 27an ere elkarretaratzea egingo da Ordiziako Plaza Nagusian Herrira Ordiziak deituta.

Hileroko azken ostiralak baliatzen ditugu presoen eskubideen aldeko eta jasaten dituzten jazarpenen aurkako aldarrikapenak egiteko. Aurrekoan herriko preso Pako Mujika eta preso gaixoak izan genituen gogoan. Eta hemen gara beste behin ere. Zoritxarrez, bada eta oraindik zer salatua.

Joan den martxoaren 29an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina ezartzeari jarritako helegiteei erantzun zien.

Parot doktrina 2006eko otsailean ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Ordutik, 1973ko Zigor Kodea erabilita zigortutako presoek espetxe-onurek edo erredentzioek eragiten dituzten abantailak jasotzeko eskubidea galdu zuten. Izan ere, 2006az geroztik, espetxe-onura edo erredentzioak zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio banan-banan, eta ez, ordura arte bezala, guztira gehienez bete beharko lituzketen 30 urteei. Ondorioz, zigor asko eta asko, 30 urtera arte luzatu dira, eta kartzelatik ateratzeko eguna urte askoan atzeratu zaie askori.

OZEN SALATU BEHAR DUGU:

1.       AUZITEGIAK BERAK ERABAKIA PREMIAZ ETA LEHENBAILEHEN HARTUKO ZUELA ESAN BAZUEN ERE, BOST URTE BEHAR IZAN DITUELA ERANTZUTEKO. Helegiteak aurkeztu zirenean, defentsa-abokatuek erabakia hartu bitartean doktrina ezarria zuten presoak kalean uzteko eskatu zuten. Gerora erabakia haien aldekoa izanez gero, kartzelan emandako urteak bueltatzerik ez dagoela argudiatuta. Baina ezezkoa jaso zuten.

2.       Eta ondorioz, BEHAR BAINO URTE GEHIAGO EGIN DITUZTE ESPETXEAN Jose Ignacio Gaztañagak, Juan Mari Igarataundik eta Jose Mari Perezek. Legeak agindu baino 6, 4 eta 3 urte gehiago,  hurrenez hurren, hain zuzen ere. Hiru hauei ez zitzaiela doktrina ezarri behar erabaki baitu orain Auzitegi Konstituzionalak.

3.       HARTUTAKO ERABAKIA EZ DUTE JUSTIFIKATU. Eta tramitera onartuta dauden 22 helegite erantzunik gabe daude oraindik.

4.       Botere politikoa judizialaren gainetik agertu da beste behin ere. Eta ondorioz, ESPAINIAKO KONSTITUZIOAK BERAK AITORTZEN DITUEN HAINBAT ESKUBIDE URRATU DITU EPAIAK: babes judizial eraginkorra izateko eskubidea, epai irmoak ukiezinak direla dioena, askatasun eta segurtasun juridikorakoa eta kaltegarriak diren zigor legeak atzeraeragintasunez ez ezartzeko eskubidea, besteak beste.

Horrelako bidegabekeriak salatzeko MOBILIZATU EGIN BEHAR DUGU. Horregatik izan ginen apirialren 14an Gernikako Akordioak deitu zuen manifestazioan, horregatik gaude gaur hemen, eta horregatik izango gara, besteak beste, datorren maiatzaren 19an berriz ere plaza honetan. Maiatzaren 19an Euskal Herriko herri eta hirietako plazetan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten diegu euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatu behar direla uste duten herritar guztiei. Urtarrilaren 7an Bilbon egin genuen bezala, maiatzaren 19an milaka eta milaka herritar kalera ateratzea proposatzen diogu jendarteari. Argi dago herritarren mobilizazioa eta ekimena beharrezkoak izango direla preso eta iheslarien afera konponbidean jartzeko. ORAINGOAN PLAZAK BETEKO DITUGU KARTZELAK HUSTUTZEKO.