PNVk urtetan kudeaketa okerra eta diru xahuketa, orain oposizio ozpindua

Udal txinpartak

Zein digestio delikatua duten Santamariak eta PNVk! Ezin dute irentsi alkatetza galtzea eta BILDUk gehiengo izatea Ordiziako Udalean. Ezin dute irentsi ezker abertzalea sozialki eta politikoki indar nagusia izatea Ordizian. Ezin dute irentsi BILDUren Udalaren kudeaketa, ekintza ahalmena, proposamen eta egitasmo ilusionanteak izatea… Ezin dute onartu haiek zementuaren lehentasun ia bakarra izan duten bitartean, BILDUk bere ahaleginak arlo sozialera eta kulturalera bideratzea. Nahiago lukete krisiagatik edota PNVk utzi digun herentziagatik BILDU ezer egin ezinik egotea. Baina ez da horrela, eta horregatik jo dute Udal aurrekontuak kritikatzera. Hori egitean, ordea, berriro agerian geratu dira PNVren urtetako kudeaketa okerra eta ezintasuna.

BILDUREN UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA PNVri

BILDUren Udal Gobernua osatzen dugun alkate eta zinegotziok saiatzen ari gara modu oso arduratsuan, garbian, zorrotzean eta inolako alderdikeriarik gabe gobernatzen gure Udala. Horregatik, EAJ-PNVri eta Euskadiko alderdi sozialistari, PSE-EEri, eskaintza egin genion Gobernu Taldean sartzeko eta ardurak konpartitzeko. Ezezko borobila eman ziguten, oposizioan egon nahi zutela esanez. Hala ere, behin eta berriro ikusten ari gara ez direla gauza inolako oposizio eraikitzailerik eta proposamenik egiteko. Parte hartu EZ, inolako ekarpenik egin EZ, eta Udal ekimenei EZETZ esateko papera hartu dute.

Horregatik, aurrekontuen gaian ere, EAJ-PNVk ez du inolako ekarpen positibo edo proposamenik egin, are gehiago, Santamariak ez du aurrekontuen inguruko bileretan parte hartu ere egin. Harrigarria da gainera aurrekontuen plenoa pasa eta hilabete eta erdira, eta orduan egin zuen moduan, defenditzea bere jarrera. Gezur, manipulazio, demagogia, populismo eta alderdikeriaren bidez alegia. Urte haien kudeaketa okerrak, kontu ilunak eta dirua nola xahutu duten ezkutatu, eta salatu nahi izan gaituzte, zer, eta aurrekontu zorrotz, arduratsu, sozial eta aurrera begirakoak aurkezteagatik.

• EAJ-PNVk urtetan egin duen kudeaketa ilun, oker eta xahutzailea eginda, eta egun, egiten duen oposizio demagogiko eta ez eraikitzailea eginda, ez dugu haren inolako leziorik onartuko.

Lehenik eta behin, EAJ-PNVri esan behar diogu ez dagoela kudeaketa kontuetan inori ezer irakasteko egoeran. Urtetan kudeaketa iluna eta okerra egin du, eta dirua kontrolik gabe xahutu du, urtetan zehar, egoera ekonomiko oparoan, oker bat beste baten ondoren eginez.

Apellanizeko biltegian etxeak egin zirenean, Udal biltegia eraiki behar zen hango irabaziekin. Non dago diru hura? Udalean ez behintzat. Orain, urtero, 90.000 euro gastatzen ditugu biltegietan.

Majoriko instalakuntzetan 2005ean 4,5 miloi euro gastatu ziren. Aldundiak 1,5 jarri zituen, eta Udalak 3milioi. Aurreikusitakoa baino 1.637.984 euro gehiago gastatu ziren. Oraindik mailegua ordaintzen ari gara. Eta nola amaituko dira obrak? Majoriko lapurretak eta PNVren utzikeriak zenbat ehunka milaka euro kostatu zaizkigu ordiziarroi?

Zenbat kostatu zaigu Oianguko egitasmoa inposatu nahi izatea? Nork egin du negozioa?

Zenbat gastatu da urtetan turismoko asmo handitan eta agian gure beharren neurrirakoa ez den D´elikatuzen?

Zenbat ehunka milaka euro kostatzen zaizkigu EAJ-PNVren San Joanerako diseinatu zuen egitasmo neurrigabeak? Zein enpresa da irabaziak poltsikoratzen ari dena?

Lehentasunezkoa al zen 300.000 euro baino gehiago kostatu zitzaigun skate pista?

Zergatik inauguratu zuten hauteskunde bezperan parkea pasabidea egin gabe?

• Gastua kontrolatu arren, sarrerak gutxitzea eta hainbat zerbitzuren gainkostua da aurrezkia hain txikia izatearen arrazoia.

Aurrekontuetan soilik 5.000 euroko aurrezpena egotearen arrazoia ez da dirua xahutzea edo gastu zentzugabea. Inoiz baino zorrotzago ari gara kontrolatzen gastua, eta hainbat arlotan nabarmen murriztu dugu (festa eta jaietan adibidez). Honela, nahiz eta langileen masa salariala igo, Fondo Foraleko sarrerak gutxitu izan ez balira, eta hainbat zerbitzuk gainkosturik ez balute (esaterako kiroldegiak eta haurtzaindegiak), aurreko urteetakoa baino aurrezki altuagoa edukiko genuke.

Horrez gain, egia da langileen postu eta funtzioen balorazioak eragin handia izan duela. Baina argitu behar da aspaldiko kontua dela, eta EAJ-PNVk agindu zuela lanpostuen balorazioa egitea (40.000 euro gastatuz). Itxura batean, haien gustuko ez, eta orain aurka agertzen dira. Justifikatuta ikusten bazuten 15 urte baino gehiagotan baloratu ez ziren lanpostuak berraztertzea eta soldatak neurri bereko herrietakoetara parekatzea, zergatik agertzen dira orain aurka? Funtzioak aldatu zitzaizkielako beren lanpostuak berbaloratzeko 8-10 bat lagunen zentzuzko eskaera zeuden; eta Jose Migel Santamariak, eskaera hauez gain, langile guztien balorazioa egitea erabaki zuen. Beraz, gezurra da, besterik gabe, lanpostuak %8´7 igo direla. Igoera, masa salarialean eman da, funtzioak berbaloratu ondoren, eta beraz, hainbat arrazoirengatik justifikatuta. Neurri honekin langileen funtzioak aztertu eta baloratu dira, langileen egoera normalizatuz, eta bide batez neurri beretsuko herrietako langileen egoerara parekatuz.

• Inbertsio arduratsu eta aurrera begirakoak egingo ditugu. Kultura, urte luzeetan ez bezala, lehentasun estrategikoen artean sartu dugu, eta orain da momentua ilusioz eta mailegua neurtuta kultur ekipamenduak hobetzen hasteko.

Inbertsioei dagokienean, EAJ-PNVren iritziz, ez da orain momentua halako inbertsioak egiteko eta Nadalen lokalak erosteko. Badirudi, beraiek ikusi zituztela jada behar hauek (beraz, ezda gure meritua), baina ez omen daude ados erosketarekin. Behar hori herriko kultur taldeek aspaldian aldarrikatzen ari badira, denon bistakoa bada, zergatik ez da EAJPNVrentzat lehentasunezkoa izan? Zergatik lehenetsi du ladrilua, zementua, dirua xahutzea Majorin, Oiangun, sakate pistan… kultur ekipamenduetan baino? Ordiziak etorkizunean kultur eskaintza sendotu nahi badu, halako behar estrategikoei aurre egin behar die.

Orain da unea, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, premia dugulako. Bigarrenik, orain prezio onean erosteko aukera izan delako, eta beste erosle batek erosteko arriskua zegoelako. Eta hirugarrenik, etorkizuneko Ordizia irudikatzeaz gain, gaurtik hasita egitasmo ilusionagarriak gauzatzen hasi behar dugulako, garatzen jarraitzeko.

Kultur arloan eta kultur ekipamenduetan, Udal honen konpromisoa da urte anitzetako plan bat prestatu eta burutzea kultur ekipamenduak hobetzeko. Ordizia kultur arloan erreferente garbia izatea nahi dugu. Gainera, EAJ-PNVri gogorarazi behar diogu, Lorteki lurrak saltzearen ondorioz lortutako 200.000 euro Nadal erosteko konprometituta zeudela.

• Biltegia erosteko inbertsioarekin gastu arrunta murriztuko dugu (50.000 euro).

Lehen ere esan dugu EAJ-PNVren aurrekontuen balorazioan datuak ezkutatu dituztela. Faltan botatzen dugun nabarmenetako bat, Udal biltegiarena da. Udalak Goiekiri biltegia erosteko asmoa du, baina EAJ-PNVk ez dio txintik ere. Zergatik? EAJ-PNVk Goiekiko Inkubategiko proiektua kudeatu zuen moduan kudeatuta, berriz ere, dirua xahutzera jo zuen. Baina oraingo honetan, eskutan ez zuen dirua. Honela, Madriletik etortzea espero zuen dirua ez etortzeak, Goiekiri 400.000 euroko zorra eragin dio. Honek, Goiekiren beraren biziraupena arriskuan jar zezakeen. Orain, Ordiziako Udalak aukera aprobetxatu nahi izan du Goikiri biltegia erosteko, hura ataka gaizto honetatik ateratzeko, eta honela udal biltegi bat izanik, urtero 50.000 euro aurreztuko ditugu.

Krisia krisi, Udala ez dago prest zalantzak edo beldurrak jota geldirik egoteko. Badakigu nolako Ordizia behar dugun, eta horri begira emango ditugu urratsak. Zorpetzeari dagokionean, arduratsua eta neurtua da. Teknikoki eta politikoki erabat onargarria ez ezik, une honetan beharrezkoa. Beraz, aurten, beharrezkoa eta erabat justifikatuta ikusi dugu mailegua eskatzea, nahiz eta zorpetze maila %3tik %4ra igo. Igoera kontrolatua eta erabat jasangarria da. Zorpetze maila %4ra igo arren, Gipuzkoako zorpetze maila %6,4ekoa da eta esaterako inguruko herri esanguratsuetan, Beasainen eta Tolosan %5.5ekoa. Baina horrekin batera beharrezko ikusi dugu (eta ikusten dugu datozen urteei begira) gastua kontrolatzea eta murriztea. Hori da gure erronka, eta ziur gaude lortuko dugula.

EAJ-PNVri dagokionean, eskatu nahiko genioke has dadila behingoz parte hartzen eta lanean udalean eta herrigintzan. Kanpaina politikoa ahaztu eta EAJ-PNVko bozeramaileak lehenetsi dezlaa ordiziarrekiko hartu duen ardura eta errespeta ditzala herritarrak dagozkion bileretara agertuz. Oposizioa egitea zilegi eta beharrezkoa da, baina bai guk, baita ordiziar orok ere, eskertuko genuke oposizio hori eraikitzailea izatea, eta ez alderdikeriazkoa, arduragabea eta demagogikoa.