Autodeterminazioaren aldeko jai handia, larunbatean, Lazkaon

Egoera politikoa


Nazioen Mundua erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak jai handia antolatu du ekainaren 9an, Lazkaon. Herri bazkaria, sari banaketa berezia, Pirritx eta Porrotxen flashmobaren grabaketa, kontzertuak... denetik izango da autodeterminazioa aldarrikatzeko jai honetan.

Eguerdian hasiko da festa, 13:30ean abiatuko den kale-animazioarekin. 14:30ean herri-bazkaria izango da eta bazkalondoan, 18:00etan, aurtengo festako ekitaldi izarra: Pirritx eta Porrotxen "Eskuetan" abestiarekin grabatuko den Flashmoba.

Flashmoberako ahalik eta jende gehien bertaratzea eskatu dute. Baina ekainaren 9an flashmoba grabatu aurretik, maiatzaren 19an, larunbatean, goizeko hamarretan, entseguak egingo dituzte Lazkaoko plazan bertan. Hala ere, Porrotxek jaialdiaren aurkezpenean argi adierazi zuen helburua ez zela flashmob "perfektoa" egitea, jendeak ahal duen bezala egitea baizik. Hemen ikus-entzun eta ikas dezakezu flashmoberako prestatutako pausoak:

Flashmoba amaitu eta nahikoa dantza egin ondoren, 19:30ean sagardo dastaketa eta taloak egongo dira, eta aldi berean, lehiaketa berezi xamar bat: ASTO-KAKA. Eremu bat zatikatuko da zati txikietan, eta astoak eremu horretan sartuko dira. Astoaren kaka erortzen den zatitxoaren jabe denak (aurrez erosi beharko dira txartelak) lortuko du saria.

Eguna behar bezala, festa giroan amaitzeko, 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira Lauroba eta Esne Beltza taldeekin.

Egitarau bete-betearekin dator Nazieon mundua, festa eta aldarrikapena uztartu nahian. Naturaltasunez, festa giroan, autodeterminazio eskubidearen alde aldarrikapena eta dantza egingo da ekainaren 9an Lazkaon.