Ordiziako plaza beteta, euskal presoen eskubideen alde

Askatasun ahotsa

Atzo goizean, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste 200dik gora plaza bezalaxe, bete genuen Ordiziakoa ere.

 

 

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriez eta hauek bere egiteko prest dagoen jendez bete genuen plaza, hain zuzen ere.

11:00etan hasi genuen liburu-azokan makina bat liburu saldu zen. Haur-literaturakoak izan ziren salduenak. Baina eleberri eta saioetan 20tik gora ale eraman duenik ere izan zen. Behin goizean plazak beteta, arratsaldean etxean irakurtzen geratzeko moduko eguraldia izan genuen, gainera.

Liburuak merke erosteaz gain, pintxoak eta ardo edo sagardo potea hartzeko aukera ere eskaini zuen Ordiziako Herrirak.

Eta 13:00etan hasi genuen ordu laurdeneko elkarretaratzearen ondoren, Joseba Sarrionaindiaren "Preso egon denaren gogoa" poesia entzun genuen biolin doinuez lagunduta.

 

Preso egon denaren gogoa

 

Preso egon denaren gogoa

gartzelara itzultzen da beti.

Kalean juje, fiskal eta

abokatuekin grutzatzen da,

eta poliziek, identifikatu ez arren,

beste inori baino gehiago

begiratzen diote, bere pausua

sosegatua ez delako

edo sosegatuegia delako.

Bere bihotz barruan

betirako kondenatu bat dago.

 

Mila esker Ordiziako plaza betetzen lagundu zeniguten guztioi eta hurrengoa arte.