'Gazta zati bat' dokumentalaren emanaldia, ostiralean, Ordizian

Egoera politikoa

'Gazta zati bat' dokumentalaren emanaldia maiatzaren 25ean, ostiralean, 22:15ean, izango da Ordiziako Herri Antzokian. Dokumental hau Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimenak eraman du aurrera, Jon Maia bertsolariaren zuzendaritzapean.

'Gazta Zati Bat' dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkezten du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da.

Historiaren "making off"a da erakusten diguna. Denek ikusten dutena baino, ikusten ez dena erakutsiko digu: giza faktorea. Eta izen handien liluran erori gabe, herritar xumeengan jartzen ditu fokuak. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da 'Gazta zati bat'.