Herri-afaria antolatu dute aurten, San Joan bezperan

Ordizian bertan

Jentilbaratza 1512-2012, Su Gorri eta nafarroa Bizirik 1512-2012 taldeek antolatuta, hainbat berrikuntza izango da aurtengo San Joan bezperan. Besteak beste, herri-afaria eta txozna izango dira berrikuntza nagusiak.

San Joan bezpera, ekainaren 23a, egun polita izaten da Euskal Herriko ia txoko guztietan eta Ordizian ere talde batzuek ekimena hartu dute egunaren xarmari eusteko.

Hori horrela, aurten, San Joan Suaz gain, beste ekitaldi batzuk ere izango dira herritarrek parte hartzeko. Txozna irekita egongo da Ordiziako plazan 17:00etatik aurrera giroa berotzen. Gero, herri-afaria egongo da plazan bertan eta 15 euroren truke (txartelak Kirkil, Orlegi, Herriko eta Pottokan daude salgai) afari tradizional goxo-goxoa emango dute: Batzuri zopa, patatak errioxar erara, egun osoan burduntzian erretako txerria, postrea eta kafea.

Afalondoan urteroko akelarrearen txanda izango da, 22:30 aldera, Garagartza plazan. Eta amaitzeko, 23:30etik aurrera Plaza nagusian, Patxi Perez eta Konpainiak dantzaldia eskainiko dute.