Ordizia aldatzen, gure zaborrarekin zer?

Ordizian bertan

Sasiker taldeak, gazte antropologo hasi berrien talde batek, Ordiziako herriko jendeak zaborraren kudeaketaren inguruan zein herrian zaborra kudeatzeko dauden proposamen berrien inguruan duten jakintza, pertzepzioa eta iritzia zein den jasotzeko ikerketa txiki bat egin berri du.

Hainbat etxetan eginiko elkarrizketek, eragile ezberdinen diskurtsoek eta hainbat inkestek lagundu dute helburu hau betetzen. Nahiz eta badakiten elkarrizketak hamarnaka izan ez direla, bertatik ateratako ondorioak Ordiziako perspektiba orokor bat izateko baliagarriak direla esan dezakegu.

Hau guztiaz gain, proposamen batzuk eman nahi izan dituzte, herrian zaborraren gaiaren inguruan egin behar diren beharrezko lanketan lagundu asmoz. Azkenik aipatu ere, beste norbaitek antzeko ikerketa bat egiteko interesa izango balu eredu bat sortu dutela.

Herritarrei, zaborra kudeatzeko inplantatuko diren eredu berriak gogoz eta informazioz bustita jasotzeko gomendioa luzatzen die Sasikerrek. Beldurrak izatea normala da baina hauei aurre egitea polita da aldi berean.

Hona hemen txostena.