Igandean erraustegiaren kontrako mosaiko erraldoiean parte hartzeko deia egin du Goierri Zero Zaborrek

EH ezkerretik eraikiz


Datorren igandean, ekainaren 17an, Gipuzkoa Zero Zabor taldeak mosaiko erraldoia antolatu du Donostiako Saguesen erraustegiaren kontra eta zero zabor sistemaren alde. Ordizian mosaikorako kartulinak jasotzeko, goizetan udal harrera-bulegora joan daiteke, arratsaldean Barrenan jaso ahalko dira eta ostiralean 19:00etatik 20:00etara Plaza Nagusian hartu ahal izango dira.

Hondakinen kudeaketaren gaiak pil-pilean segitzen du Gipuzkoan. Hedabide handiek sekulakoak eta bi botatzen segitzen dute errauste planta eraikitzea galeraz dezakeen edozein planteamenduren aurka. Gezur bat behin eta berriz errepikatuta, egi bihurtzen delako saioan.

Zorionez, errealitatea egoskorra da, eta Gipuzkoan jauntxo diren lobbyei handiegia gertatzen ari zaie kontrolatzeko. Espainiko PPren gobernuak berak eredugarritzat dauka Usurbilgo Atez Atekoa. Europako Parlamentuak onartu berri duen txostenak zabortegi kutsakorren itxiera eta material birziklagarrien errausketa debekatzea eskatzen du. Europako Batzordearen materialen efizientziarako bide orria ildo beretik doa. Diputazioak aurrekontuaren erdiarekin guzti honetara egokituko den eta errausketa baztertuko duen plangintza aurkeztu du. Berri itxaropentsuak handik eta hemendik.

Arauak eta plangintzak osasuna eta ingurumenaren alde. Arauak eta plangintzak. Bi hanka itxaropenari eutsi ahal izateko. Baina itxaropenari egonkortasuna  eta oreka emateko ezinbestekoa dugu hirugarren hanka baten gainean eustea. Herritarron babesa da hirugarren hanka hori. Herritarron babesik gabe, itxaropenak ez du behar besteko sendotasunik eta egonkortasunik izango.

Herritarrok ezin dugu geldi geratu. Gure esku dago, zaborra, errautsa, kutsadura eta etsipenaren grixetik aldegin eta birziklaia, iraunkortasuna eta itxaropenaren koloreak izango dtuen etorkizunari euskarria jartzea. Hirugarren hanka hori finkatzeko antolatu dugu ekainaren 17ko aldarrikapen-festa Donostiako Saguesen. Denok gara hondakinekin dugun arazoaren parte, eta denok daukagu konponbidean gure lekua. Alderdikeriak eta ika-mikak alde batera utzi, eta herritarrok gure lekua hartu behar dugu aire garbiak biratuko duen errota koloretsua irudikatuko duen mosiko erraldoian. Eskuratu mosaikoa osatzeko kartulina lehenbailehen.Informazio gehiago www.gipuzkoazz.com web orrian.

Hartu zure lekua! Etorkizuna guztiona da eta!