Ezker abertzalearen herri-batzarra, asteartean Barrenan

Egoera politikoa

Ordiziako ezker abertzaleak herri-batzarra deitu du datorren astearterako, hilaren 26rako, 19:00etan Barrenan. Sortu alderdiaren legeztatzeak eragin duen egoera berrian, ezker abertzaleak egituratzeko prozesuari ekin dio eta datorren astearteko bilera oso garrantzitsua izango da zentzu horretan.

 

 

 

EGOERA POLITIKO OROKORRA

1.- Erregea hil da, biba erregea!

Estrategia aldaketa oso garrantzitsua erabaki du ezker abertzaleak. Orain, hartu dituen alde bakarreko erabakiek agian inoiz baino gehiago  gure burua ezker abertzaleko kidetzat dugun guztiok “radikalki erantzule” egiten gaitu. Egiten dugunaren eta egiten ez dugunaren erantzule bakarrak gu geu gara. Ez gaitu inork salbatuko, ez bada guk geuk. Eta hau, azken batean, ekintzarako dei bat da, antolatu eta borrokatzeko deia.

Independentzia eta sozialismoa lortzeko bidean, fase bat itxi arren, ezker abertzalearen asmoek (independentzia  eta sozialismoa) indar bera dute. Aldaketa sakonak emanda, pentsa liteke “erregea” bera ere hil dela. Baina helburu berberak lortzeko borrokan, “erregetza” berria jarri behar dugu. Hori izan behar du ezker abertzale sendo, antolatu eta eraginkorra. Hori da errege berria. Beraz, BIBA ERREGEA!

2.- Botila erdi hutsik, ala erdi betea?

Jada eztabaida ez da estrategiaren ingurukoa; erabakita dago. Baina kontua ere ez da behin eta berriro esatea zein ondo edo gaizki gauden. Kontua da zein urrats eraginkor eman dezakegun estrategia berrian aurrera egiteko.

Zer egin dezakegu, bada, Ordizian ezker abertzalea datozen urteetara begira indartzeko? Fase bat amaitu da eta aro berrian Ezker Abertzalea eta egiturak berrantolatu beharra ditugu aurrera begirako urteetako beharrei erantzuteko.  Botila erdiraino bete dugu, eta betetzen jarraitu beharrean gaude. Horretarako denon konpromisoa da beharrezkoa.

3.- Akzioa-erreakzioa-errepresioa eskematik, akzioa-proakzioa eskemara.

Hainbat arrazoirengatik, lehen eskemak jada ez gintuen gure helburu estrategikoetan aurrerago eramango. Eraginkortasuna berreskuratzeko paradigma berria finkatu dugu. Akzioa-proakzioa dei genezake. Zer ezan nahi du honek? Ekiten jarraitu beharrean gaudela, baina guk izan behar dugula gure ekintzen zuzentzaile. Proakzioak esan nahi du geuk dugula gure ekintzen kontrola, eta ekintza  sortzaileak eta eraginkorrak burutu behar ditugula hobekuntzak eragiteko,  etorkizunerako desiratzen ditugun baldintzak eta egoerak gaur egunera ekartzeko.

ORDIZIAKO EGOERA

Zertan ari da ezker abertzalea Udalean? Zertan ari da BILDUren baitan? BILDU eta Udala erabiltzen ditugu,  ala BILDUk eta Udalak jan egiten gaituzte? Ezker abertzalea indartu ala ahuldu egiten dute?

Udalgintza-kudeaketa batetik, eta ezker abertzalea-“alderdia” bestetik dira gaur egun gure bi lan ildo nagusienak.  Biak dira aldi berean tresna eta helburu, eta ezin dugu ez bata, ez bestea, albo batera utzi. Horregatik, bietan ditugun hutsuneak aztertu  eta hobetzeko neurriak hartu behar ditugu. Horri ekin nahi diogu hurrengo aste eta hilabeteetan. Eta horretarako deia egin nahi diogu ezker abertzaleko kide guztiei.

1.- Udala pizti ase ezina da.

Udala-udalgintza, ezker abertzalearen jardueraren ardatz nagusienetakoa bilakatu da. Botere guneak hartzea gure estrategiaren barnean kokatzen da. Izan ere, beharrezkoa dugu bai konponbide demokratikoari begira, bai eraikuntza nazionalari begira eta baita eraldaketa sozialari begira ere. Horregatik baliabide asko (jendea eta  lan orduak) eskaintzen dizkiogu.

Baina  Udalgintzari eman diezaiokegun guztia emanda ere, beti gehiago eskatzen du.  Horregatik, lanak behar bezala banatu eta aurrera ateratzeko ezker abertzaleko kideen laguntza behar dugu batzordeetan.

Erakusten ari gara beste modu batera kudea dezakegula Udala, eta tresna eraginkorra dela. Baina horretan ere, ezker abertzaleko kideen inplikazio handiagoa behar da.

2.- Nork jarriko dio txintxarria piztiari? Nork gobernatuko du?

Aurreko puntuan esandakoarekin batera, azpimarratu behar dugu boterea, Udala eta gainerako erakundeak,  gure esku egotea garrantzitsua dela bakarrik estrategia ezkertiar eta  nazional baten baitan kokatzen badira. Estrategia hori erabat politikoa da, eta gu ez gara Udal aurrekontu baten edo Udal egitasmo baten kudeatzaile hutsak. Helburu estrategikoak ditugu, eta horiek gidatu behar dute gure lan instituzionala ere.

Horregatik,  estrategia hori Udalgintzan  zein herrigintzan bideratzeko egitura politiko sendoa behar dugu. Bestela jai dugu, edo jai izango dugu bihar edo etzi.

EZKER ABERTZALEAREN TIPULAREN KAPAK

Ez dugu inor engainatu nahi, ez eta zeharka ibili nahi. Honako galdera hau egiten diogu geure buruari eta ezker abertzaleko kide guztiei:  “Nola kokatzen dut neure burua ezker abertzalearen baitan egun bizi dugun egoera politikoan?”  Ez da nolanahiko galdera. Garrantzitsua da gure burua “argitzeko” eta ezagutzeko zein oinarriren gainean antola daitekeen Ordiziako ezker abertzalea.

Antolatu eta borrokatu.

Eraginkor izateko, antolatu beharrean gaudela ez da berria. Eta momentu honetan Ordizian ditugun aukera eta  erronken aurrean, ezinbestekoa da antolatzeaz gain, lana banatzea. Oso garrantzitsua da ezker abertzalearen baitan edozein lan egiteko prest dagoena (eta batetik hamarrera denak dira beharrezko) lan moduetan sistematizatua egotea.

Ezker abertzaleko kideak gure sisteman integratuta izan behar ditugu, eta harreman natural eta arinekin. Edozein lan planifikatu eta egiteko momentuan, txikiena edo potoloena izanda ere, jakin behar dugu nor zein konpromiso mailatan dagoen.

Lau kapa osasuntsu.

Gure tipulak lau kapa izan ditzake. Lehena, muina, herriko mahaiko kideek eta zinegotziek  osatzen dute. Laugarrena, azken azala, gure ideiekin bat egin eta botua ematen digutenek. Bi horiek garrantzitsuak dira tipula osasuntsu izateko. Baina tartean dauden bi kapak ere funtsezkoak dira.

Bigarren kapa modu iraunkor samarrean parte hartzen duten lagunek (militanteek) osatzen dute (Udaleko batzordeetan edota hainbat lan taldetan parte hartzen dutenek). Hirugarrena, gure oinarri soziala da, batzarretan parte hartzen dutenek, informatuta egon eta erabakietan parte hartu nahi dutenek eta tarteka  konpromiso maila handiagoa hartzen dutenek osatzen dute.

Lau kapek osatzen dute tipula.  Laurak dira garrantzitsu, eta lauak zaindu behar dira. Horretaz ere  hausnartu behar dugu Ordizian, eta argitu behar dugu gutako bakoitzak zein kapa zaintzen kokatzen duen bere burua.